La buena nueva Nantesen saritua

Guaixe 2009ko martxoaren 26a

Helena Tabernaren La buena nueva filmak sari bat gehitu dio bere ibilbide arrakastatsuari. Ikuslearen Saria jaso du Nanteseko 19. Zine Espainolaren Jaialdian, Frantzian, martxoaren erdialdean. Antzokian bildutako ikusleen botoek eman zioten garaipena Altsasuko zuzendariaren filmari.   Frantziako ikusleek oso harrera ona egin diote La buena nueva filmari. Hala erakusten du zinematako asistentziak eta batean baino gehiagotan entzun diren txalo zaparradek.  Nantesen jasotako saria ere harrera on horren isla da. Han eta hemen harrera onaIazko udazkenean mustu zuen Helena Tabernak bere azken filma, La buena nueva. Unax Ugalde eta Barbara Goenaga dira antzezle nagusiak. Beste zenbaitetan bezala, bere sustraietara joan zen filmaren gaia aukeratzeko. Gerra zibila lehertzear dela Altsasura iritsi berri den apaizaren bizipenak kontatzen ditu. Zuzendari sakandarraren filma txalotua izan da Euskal Herrian, Estatuan nahiz atzerrian. Zenbait jaialditan parte hartu du, hala nola, Valladolideko 53. Seminci jaialdian, Santiago de Compostelako 22. Cineuropa jaialdian, El Cairoko jaialdian, Cuencan, Granadan, Gasteizko Zinemastean, Tuteran, Nanten, etab. Beste errekonozimenduetaz gain, zenbait sari jaso ditu ibilbide horretan: Unax Ugaldek esaterako, gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen Valladoliden. Nantesen jasotako sariak ibilbide oparo hori berretsi du.