Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orain gutxi arte nekazaritza eta abeltzaintza ziren sakandarren ogi-bide. Soroak, baratzak, basoak eta abereek ematen zietenetik bizi ziren. Horregatik zehatz-mehatz ezagutzen zituzten inguru horiek eta, GPSrik ezean, herriko baso eta dermioko txoko eta alderdiei izenak ematen zizkieten. Gaur egungo bizimodu hiritarrak arriskuan jarri ditu gure arbasoen toponimoak. Beste behin ere horiek ezagutzeko aukera emanen digu Altsasuko Kima Euskara Taldeak. Altsasuko euskara taldeak antolatutako zortzigarren ibilbideak, Trikuharrien bidetik izena hartu duenak, Altsasu ipar-mendebaldera eramanen gaitu. Besteak beste, paraje hauetan barna ibiliko dira: Ulaiargoitz, Aizbarrena, Aunzetxe, Aizkibel, Aitzpilerakozulo, Arbotonburua, Okarantxoeta, Arritzandi, Mailazar, Intxusburu, Metaliturri, Bidemakur eta Salsamendi. Ibilaldiak paraje horien izenen jatorria ezagutzeko parada emanen digu. Kima euskara taldearen esanetan, ibilaldia adin guztietako publikoendako pentsatua dago; haurrek gurasoen laguntzaz egiteko egokia da. Ibilaldi honekin Kimak itxi eginen du Altsasuko dermioan barna antolatutako txangoen zikloa. Interesatuek orain arteko ibilbideen informazioa eskura dute www.altsasukokima.com web orrian. Altsasu beste modu batera ezagutu nahi duenak azken aukera izanen du bihar, larunbatean. 15:30ean jarri dute hitzordua, Altsasuko Amandrea plazan. Kotxea eraman behar da.