Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Datorren astean abiatuko da Korrika 16 Tuteratik. Apirilaren 5era arte, Euskal Herri osoa zeharkatuko du Gasteizera bidean. Korrikaren bezperako egunak beroketa egunak izaten dira: luzapenak egin, lasterralditxoak egiten hasi... eta, nola ez, herrietan giroa berotzen hasteko egunak dira. Helburu horrekin dator, hain zuzen, Korrika Kulturala. Korrikaren iragarle, puntarik punta, Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den ekitaldia iritsiko da bihar gurera: Mirande Kabareta. 20:30ean izanen da, Altsasuko Iortia kultur gunean. Politikoki ez zuzenaIkuskizun lotsagabea, ausarta eta politikoki ez zuzena da Mirande Kabareta. Kabaretaren eta antzerkiaren artean, kafe-giroan jarduten dute antzezleek eta musikariek. Ikuskizunak Jon Mirande idazle eztabaidatu bezain goraipatuaren bizitzako pasarte bat du abiaburu. Abiatu ondoren, ordea, hala antzezleek nola musikariek, zirikatzaile eta lotsagabe, ustekabeko bideetara jotzen dute, sexutik politikara eta alderantziz. Hiru plano bereiztuko dira: Edorta Jimenez izanen da Miranderen itzala. Berarekin batera, Galder Perez eta Ane Zabala igoko dira oholtza gainera. Ikusleak izanen dira hirugarren protagonistak. Hiruen elkar eraginaren ondorio izanen da emanaldia. Musikak ere leku garrantzitsua izanen du ikuskizunean. Txuma Murugarren eta Rafa Acebes ariko dira tresna bitxiak jotzen. Lan berritzailea izanen da bihar Iortia kultur gunean ikusi ahal izanen dena. "Kulturan arriskatu egin behar da" defendatu zuen lanaren zuzendari Edorta Jimenezek BELEIXE irratian; "sortzaileei dagokigu gauza berriak egitea". Horrekin gozatzeko aukera izanen dugu bihar arratsaldeko 20:30ean. Sarrerak salgai gaude Altsasuko kultur gunean eta AEK-ren Itxesia euskaltegian, Altsasun.Miranderi zor zaionaEdorta Jimenezen testuak daude lanaren oinarrian. "Aspaldi nuen buruan Miranderen eskutitzetako pasarte bat" adierazi zuen Edortak BELEIXE irratian. "Erbestean zuen lagun batek honako hau idatzi omen zion behin: Bilbon biziko banintz kabaret bat irekiko nuke orkestra bitxi batekin". Korrika kulturalak ideia hori plazara ateratzeko aukera eman dio Edorta Jimenezi. "Kabaret giroa izanen du ikuskizunak, baina krisiaz, ekonomiaz eta politikaz ariko gara umorez" azaldu zuen idazle bizkaitarrak. Pertsonaje polemikoa, politikoki ez zuzena izan da Mirande eta halakoa izanen da ikuskizuna ere. Baina burutazio polemiko horien atzean idazle handi bat zegoen, "hura gabe ezin da ulertu gaurko euskal literatura" adierazi zuen Edortak; "ea lan honekin su txiki bat pizten den jendearen baitan eta horrekin berriz hartzen diren bere liburuak".