Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur zazpi egun ikasle uholdeak Altsasuko alde zaharra zeharkatu zuen Iortia kultur gunerako bidean. Bertan Ricardo Frazer aktorea zuten zain, bi ikuskizunen bidez gazteak literatura klasikora gerturatzeko prest. Lehen emanaldiak 27ko belaunaldiari egin zion tokia. Garcia Lorca, Miguel Hernandez edo Leon Feliperen poesietatik nahiz horien bizitzako pasarteetatik abiatuta, saio umoretsua egin zuen Argentinako aktoreak. Eta horrela, poesia ikasleengana gerturatzen saiatu zen. Robby Robot y el Caballero de la triste figura izan zen bigarren ikuskizuna, Miguel de Cervantesen El Quijote-ren bertsio berritzailea. Klasiko unibertsalaren pasarte eta haren idazlearen biografia atalak hartuta, Cervantesen mezua zabaltzen saiatu zen Frazer: "ezjakintasuna da zorigaiztoaren oinarria". Aralarko Mikel Donea Institutuko DBHko eta Batxilerreko 400 bat ikaslek leporaino bete zuen Iortia kultur guneko aretoa eta literaturako klasikoekin gozatu zuen.