II. Hiru Mendi Zerrak ibilbidea bihar

Guaixe 2009ko apirilaren 3a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak II. Hiru Mendi Zerrak iraupen luzeko mendi ibilaldia antolatu du biharko, apirilaren 4rako. Iaz antolatu zuten lehenengoz ibilbidea eta izandako arrakastak bultzatuta prestatu dute berriro - 240 pertsonak hartu zuen parte eta ongi atera zen dena, jendeari asko gustatu zitzaion ibilbidea - . Helburua mendizaletasuna piztea eta Altsasuko gunea ezagutaraztea da, hau da, Urbasa, Altzania eta Aralarreko zatitxo bat, balio paisajistiko eta ekologiko handikoa. Ibilbidearen xehetasun guztiak Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Javier Zelaia presidente berriak, ibilbideko koordinatzaile Javier Ignacio Gonzalez Benitok eta klubeko kide eta Ziordiko hornidura guneko arduradun Juan Urra Mendiak eman zituzten. Nobedadea: bi ibilbideAurten, nobedade moduan, mendizaleek bi ibilbide egiteko aukera izanen dute: Ibilbide Handia, iazkoaren berbera, 47 kilometrokoa eta 2.300 metrotako desnibela duena; eta Ibilbide Txikia, 26 kilometrokoa eta 900 metrotako desnibelekoa. Ibilbide Txikia antolatzearekin Ibilbide Handia luzeegia iruditzen zaion jendeari edo ibilbide luzea egiteko denborarik ez duenari Altsasuko ibilbidean aritzeko aukera eman nahi izan zaio.  Nolanahi ere ibilbide laburrak gutxi gora behera sei orduko lana eskatzen du, eta jendea ere prestatua egon behar da bide hori egiteko. Martxa handiaren estimazioa 9 ordukoa da. Bi ibilbideak Altsasuko Gure Etxean hasi eta Urdiainera joko dute. Urdiaindik Urbasa-Andiako parke naturalera igoko dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuko dute, Bargagain eta Gainsolera helduz. Bertatik Ziordia herriraino jaitsiko dira. Ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna Altsasura ailegatuko dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenek Kipular igo eta Alzaniako mendizerrara ailegatuko dira. Orobe gainditu eta gero Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igoko dituzte. Handik jaitsierari ekingo diote eta Sarabetik eta San Pedrotik barna Altsasuko Gure Etxera helduko dira. Zerbitzu guztiakIbilbide Handia osatu behar dutenak goizeko 7:00etan aterako dira Gure Etxeatik, eta antolakuntza 6:30ean hasiko da dortsalak banatzen. Aldiz, Ibilbide Txikia egin behar dutenak 8:00etan abiatuko dira eta dortsalak 7:30etatik aurrera jasoko dituzte, Gure Etxean. Antolakuntzak federatuta egoteko gomendioa egin die mendizaleei. Jakina, ibilbidean barna lau kontrol eta jaki eta edari hornidura gune izango dira, Urbasan, Ziordia herrian, Sorozarretan eta Saraben. Zer jan eta zer edan ez da faltako. Eta DYAk ere probaren jarraipena eginen du. Ibilbide hauek ez dira lehiatzekoak, eta hortaz, antolakuntzak ez du sailkapen ofizialik banatuko, baina mendizaleek nahi izanez gero kontroletan hartutako denbora erreferentziak jasotzeko aukera izango dute, informazio moduan. Izena emateaAntolakuntzak 500 parte hartzaile espero ditu. Apirilaren 2an despeditu zen aurretik izena emateko epea, eta mendizale askok dagoeneko emana dute izena, www.altsasukomendigoizaleak.com web gunean edo Rural Kutxan, inskripzioa bertan pagatu behar baita (10 euro). Nolanahi ere izena ematea 500 parte hartzaile bildutakoan itxiko da, eta oraindik tokia badago, igandean bertan, proba hasi baino lehen, izena emateko aukera izango da Gure Etxean.60-80 pertsona laneanGuztia prestatzeko Altsasuko Mendigoizaleak klubeko kideak eta boluntarioak ariko dira lanean, 60-80 pertsona inguru. Lehenik eta behin ibilbidea markatuko dute eta bukaeran guztia bildu eta txoko guztiak garbi-garbi utziko dituzte. Jakina, hornidura eta kontrol guneetan eta irteera eta helmugan egin beharreko lana ere handia izango da. Guztiek eguna ongi ateratzea espero dute, eta eguraldiak lagun dezala. Ongi pasatzeko eta disfrutatzeko deia egin diete parte hartuko dutenei, eta ibilbidea ahalik eta gehien zaintzeko deia luzatu diete. Ildo horretan, proba hau antolatzeko klubak eta bertako kideek egiten duten esfortzua handia dela diote Altsasuko Mendigoizaleek. Ibilbideak 11.100 euroko aurrekontua du, eta euren laguntza eman duten babesle eta laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkiete. Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuitua mustuko duAltsasuko II. Hiru Mendi Zerrrak ibilbideak Nafarroako Mendi Federazioak antolatutako Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuitua mustuko du, eta horretaz gain, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako mendi ibilbideen zirkuiturako puntuagarria izanen da. Hortaz, aipatu bi challengeetarako puntuagarria da. Aurtengo Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituak zortzi ibilaldi izango ditu: larunbateko Altsasukoa (42 km); apirilaren 18ko Amezkoetako IV. Martxa, Zudairekoa (43 km); apirilaren 25eko Sakanako XX. Ibilaldia, Irurtzungoa (54 km); maiatzaren 3ko Berako IX. Itzulia; maiatzaren 9ko Alaitzeko X. Martxa, Etxaguenen (38 km); maiatzaren 31ko Baztango XVI. Ibilaldia (35 km); ekainaren 7ko Aralarko XI. Ibilaldia, Lekunberrin (46 km); eta irailaren 6ko Aresoko II. Itzulia.