Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Gobernuak Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsa lau lan egiteko bideratuko du Altsasuko Udalak eta horietatik hiru, behin behinean, eman ditu. Aldizkari Ofizialean argitaratu eta udalak erabakia berretsi ondoren emanen dira lanak behin betiko. Emandako lanen artean dago Dantzalekuko igerilekuak iragazgaitz bihurtzea. Antza, ur ihesa dago eta horregatik ura hotz egoten da. Pergola Piscinas enpresa arduratuko da horretaz, baita kirol igerilekua eta ikasketakoa bereizteaz ere; hala, igerilekua legedira egokituko da. Aldi berean, araztegitik igerilekura doazen hodiak aldatu, araztegia bera errebisatu eta ikasketa igerilekurako beste araztegi bat jarriko da. Enpresak espaloia eta ura hartzen duen erretena aldatzea ere aurreikusi du. Lanek 122.185,67 euroko aurrekontua du eta bi hileko epean despedituko lirateke, garagarrilaren 15ean igerilekuak zabalik egoteko.Bi gehiagoConstrucciones La Guareña enpresak bi lan hartuko ditu. Batetik, Burunda pilotalekuko egungo sabai izuna eta erreta dauden fokuak ordezkatuko ditu. Baita girotze-hodiak biltzen dituzten tolbak ere. Lan horregatik 84.869,08 euro jasoko ditu. Lanak 11 langilek eginen dituzte, enpresako zazpik eta kontratatutako lauk. Enpresa berak Iortia kultur guneko teilatuaren erreforma eta, zenbait margotze lan egin eta eraikin barruan kaltetuta dauden sabai izuneko plakak ordezkatuko ditu. Guztia 132.627,34 euroren truke. Enpresako 15 langileez gain, 7 kontratazio egitea aurreikusten du enpresak. Bi lan horiek apirilean hastea aurreikusten da eta hilabeteko epean despedituta egotea.