Udalaren Gazte Zerbitzuaren eskaintzan parte hartzea %20 hazi da

Guaixe 2009ko apirilaren 1a

Altsasuko Udaleko Gazteria Sailak bere zerbitzuaren erabileraren balantzea egin du. Iaz, guztira 3.147 gaztek erabili zuen zerbitzua. Balorazioa egiterakoan, Gazteria Sailak dio parte hartzea "oso altua" izan dela eta, "orokorrean, gorako joera %20koa izan da". Erabiltzaileei dagokienez, gehienak 12 eta 22-25 urte artean dituztela nabarmendu du udaleko Gazteria Sailak; adin horretatik gorako gazteen parte hartzea "baxua da, Gazteria Sailean ez dauden beste akzio batzuk eskatzen dituztelako, haiei zuzenean eragiten dietenak: enplegua eta etxebizitza esaterako". Erabiltzaileen sexuari erreparatuz gero, prestakuntza ikastaroetan neskatoen parte hartzea handiagoa da (%62) eta mutikoena altuagoa aisialdiko jardueretan.Udalaren gazteendako sailaren balorazioan jaso denez, "zenbait programa eta zerbitzu indartzen hasi dira, hemendik aurrera, Gazteria Zerbitzu sendo bat lortzeko bidea egin behar da". DatuakAntolatu ziren 62 ikastaro eta jardueretan 2.738 pertsonek parte hartu zutela jakinarazi du Gazteria Sailak. Hori, aurreko urtean baino %20 gehiago da. Antzeko igoera izan du (%21,5) gazteendako informazio puntuak, 275 gazte joan baitira Gazteria Saileko bulegora galdetzera. Horretaz gain, gazteek ere zerbitzuak eskaintzen dituen beste baliabide batzuk erabili dituzte. Hala, asteburuetan zabalik egon den Gazte Txokora eguneko 50 eta 60 gazte artean joan ziren. Gainera, Gazte Txokoan hainbat jarduera libre ere egin ziren (Gazte 2 Aste programan 818k parte hartu zuten). Horretaz gain, ikasturtean zehar martxan den sexu aholkularitza 64 gaztek erabili zuten (11 mutikok soilik). Udan Euskaraz kanpainan, bestalde, 256 haur eta gaztek eman zuten izena (%17 gehiagok) eta Mazedonia eta Frantziako elkartrukeetan 15 gaztek parte hartu zuen.