Aciluren omenezko kontzertua Madrilen

Guaixe 2009ko apirilaren 15a

Madrileko Juan March Fundacioak Agustin Gonzalez de Aciluren omenezko kontzertua antolatu du. Musikagile altsasuarra jaio zeneko 80. urtemuga aitzakia hartuta, bere musikaren kontzertu monografikoa izanen da. Fundazioko Berrestreinaldien 73. Aretoak hartuko du kontzertua, apirilaren 15ean, 19:30ean. Agustin Gonzalez de Aciluren sonoritatearen adierazle diren obrak aukeratu dituzte omenaldirako: 1. eta 3. hari-laukotea joko dituzte kontzertuaren lehen zatian, eta 2. eta 4. hari-laukotea eta bi biolin, bi biola eta bi biolontxelorendako seikotea kontzertuaren bigarren zatian. Tinbre bakarreko konposizioak dira denak ere, eta horregatik, kamera-musikako xume eta konplexuenetakoak. Altsasuarrak Samuel Ros saria jaso zuen 1962an kontzertua irekiko duen obrarekin, 1. hari-laukotearekin. Omenaldi-kontzertu honen bidez bere lekua emanen zaio 51ko belaunaldiko ordezkari nabarmenetakoaren obrari. RNEko Radio Clasica irratian entzun ahal izanen da kontzertua. 1955ean sortu zuen Juan March finantzariak bere izena hartzen duen fundazioa, giza kultura eta zientzia lantzeko helburuarekin. Bertan arte erakusketak, musika kontzertuak eta hitzaldi zikloak antolatzen dira. 1986 urtetik berrestreinaldien zikloak antolatzen dira, arrazoi batengatik edo bestearengatik, estreinaldia eta gero entzutea zaila diren konpositoreen obrak eskaintzeko helburuarekin.