384 mendizalek batu zituzten Hiru Mendi Zerrak

Guaixe 2009ko apirilaren 7a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak larunbatean antolatutako II. Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldi ez lehiakorrak arrakasta handia izan zuen, 384 mendizalek hartu baitzuten parte. Ibilaldia bi challengetarako puntuagarria zen: alde batetik Nafarroako Mendi Federazioak antolatutako Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuitua mustu zuen eta bestetik Euskal Mendizale Federazioak antolatutako mendi ibilbideen zirkuiturako puntuagarria zen. Aurten, nobedade moduan bi ibilbide antolatu zituzten: Ibilbide Handia, iazkoaren berbera, 47 kilometrokoa eta 2.300 metrotako desnibelekoa; eta Ibilbide Txikia, 26 kilometrokoa eta 900 metrotako desnibelekoa. Mendizale gehienek, 300 inguruk, Ibilbide Handiaren hautua egin zuten. Eguraldia ere aproposa zen eta egun ederra pasatzeko aukera izan zuten mendizaleek, paisaia pribilegiatuetan barne. Hiru mendizerra lotu zituzten: Urbasa, Altzania eta Aralar;  hortik datorkio izena martxari. Ibilbide honek, hain zuzen, Altsasuko Perimetroa izenarekin lehen antolatzen zen ibilbidearen lekua hartu du. Horrela, Altsasutik atera eta Urdiainera jo zuten mendizaleek, Portuazpitik Urbasa-Andiako parke naturalera igotzeko. Urbasa zeharkatuz Bargagainetik pasa eta Gainsolera heldu ziren, eta bertatik Ziordia herriraino jaitsi ziren. Ibilbide motza aukeratu zutenek partzelarietatik barna Altsasura ailegatu ziren. Aldiz, ibilbide luzekoek Kipular igo eta Altzaniako mendizerrara ailegatu ziren, ondoren Orobe gainditu eta Sorozarretara jaisteko. Segidan gora egin zuten, Balankalekura eta Intxusburura heltzeko - dolmen ederrak daude bertan - , eta handik jaitsierari ekin zioten, Sarabetik eta San Pedrotik barna Altsasuko Gure Etxera helduz. Mendizale gehienek 9 orduko batez bestekoa behar izan zuten ibilbidea osatzeko, baina ibilbidea korrika egin zuen mendizalerik ere egon zen. Parte hartzaileek martxaren edertasuna aipatu zuten, eta antolakuntza bikaina. Bukaeran kamiseta jaso zuten opari eta guztien artean Katealdeko produktuen loteak zozketatu ziren. Guztia ongi ateratzeko 70 pertsona aritu ziren lanean, eta lau hornidura gune izan ziren.