Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txirinbulo Udal Haurtzaindegia heldu den ikasturtean aurrefabrikatutako moduluetan kokatuko da ziurrenik. Modulu horiek, hartuko duten funtziorako egoki prestatutakoak izanen direnak, Zelandi ikastetxe publikoko patio batean kokatuko lirateke. Izan ere, ikastetxeko zuzendaritzak eta guraso elkarteak udalari eta Hezkuntza Departamentuari jakinarazi diete espazio premia dutela. Hori dela eta, ikastetxeak erabili ahal izateko egun udal haurtzaindegiak betetzen dituen gelak hustea eskatu dute. Txirinbulo Udal Haurtzaindegia Zelandira iazko ilbeltzean lekualdatu zen, musika eskolako lanak hasi zirenean. Haiek despeditu ondoren betiko egoitzara bueltatzekoa zen, baina gazte-lekua egiteko lanak aurki hasiko dira eta oraindik Altzania udal eraikina ez dago haurtzaindegia hartzeko egokituta. Lan horiek udan hastea aurreikusten du udalak eta, gehienez ere, urte eta erdiko iraupena izanen lukete. Horregatik guztiagatik, aurrefabrikatutako moduluen alde egiteko aukera. KontseilariaZelandi ikastetxeko zuzendaritzaren eta guraso elkartearen iritzia jaso eta Altzania zentroa bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Perez Nievas hezkuntza kontseilaria aurreko ostegunean Altsasun bisitan izan zen. Alkatearekin eta hainbat zinegotzirekin batera bildu zen. Harekin moduluak jarriz gero zeinek zer ordaindu eta haurtzaindegia egiteko diru-laguntza deialdiaz hitz egin zuten udal ordezkariek.