Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baikolar eta Zuntaipeko saneamendu sarean dauden arazoak saihesteko berria eginen da. Izan ere, euriteak izaten direnean, batzuetan ponpaketarako putzuak gainezka egiten du. Sare hori egiteko okupatu beharreko ondasunen eta eskubideen presazko izendapena onartu zuen Nafarroako Gobernuak asteleheneko bilkuran. Aurreikusitakoaren arabera, 1995ean Basamuturren eraikitako ponpaketa estazioa kendu eginen da eta sare berri bat eraikiko da, errekaren parean, aipatu auzoen hondakin-urak Urdiainen dagoen araztegira eramateko. Kilometro eta erdiko luzera izanen du sareak eta lanen aurrekontua 444.956 eurokoa da. NILSAk ordainduko ditu lanak eta hiru hilabeteko iraupena izanen dute. Bestalde, Altsasuko Udalak bando bidez jakinarazi du Geltoki auzoko eta Felix Arano kaleetako lanak direla eta, hilaren 14tik 17ra, Felix Arano kalea zabalik egonen dela baina "arretaz gidatzea" eskatu du, ibilgailuendako "bidea nahiko estua izanen baita".