Bonolotoak saria utzi du Altsasun

Guaixe 2009ko apirilaren 21a

Asteleheneko bonolotoaren zozketak bigarren sari bat utzi zuen Altsasun. Zumalakarregi plazako loteria administrazioan zigilatutako boletoak 5 zenbaki asmatu zituen, osagarriarekin batera. Bigarren saridun txartela duen pertsonak 64.143,08 euro eskuratuko ditu. Administraziotik bertatik azaldu digutenez, "asteleheneko saria denez, ohiko bezeroa izanen da saritua, egunekoa edo asteko boletoa zigilatu zuena. Bestela, asteazkenean herrietako jende gehiago izaten dugu". Ez digute ukatu "sorpresa ederra" izan denik, "guretako onena sariak ematea baita". Altsasuko loteriaren 2. administrazioak aurretik ere eman ditu sariak: iazko otsailaren 12an, 14ko kiniela bat zigilatu zuen pertsona bat 51.638 euro eskuratu zituen. Bestalde, loteria sariak ere eman izan dituzte: 2007ko apirilaren 21ean 1,2 milioi euro banatu zituen eta, 1996ko ilbeltzaren 27an, 820 milioi pezeta.