Morkotsen marrazkiak pantaila handian

Guaixe 2009ko apirilaren 20a

Gaur mustuko dute zinema aretoetan Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetak zuzendutako Munduaren bira, doan! animazio filma. Azken honek marraztu ditu film umoretsu honetako protagonistak, baina beste artista batzuen laguntza ere izan du, besteak beste, Jose Mari Morcillo Morkots, Guaixeko komikigilearena. Somuga-k ekoiztu du animazio filma eta EITB eta Comet dira koproduktoreak. Gidoia Edorta Barruetabeña eta Unai Iturriagarena da.

Lagun talde baten abenturak dira filmaren ardatz. Diru gutxi dute, baina ongi pasatu eta ongi pasarazteko imajinazio handia. Apustu batek munduaren bira egitera eramanen ditu lagunak. "Koadrilaren buru izan nahi duten horiei, inork eskatu gabe lagunen  planak antolatzen dituzten horiei zuzenduta dago filma" diote zuzendariek.Marrazkigileek irudi bidimentsionaletan gorpuztu dituzte protagonistak. Irudi xume horiei gidoi landuak emanen die arima. Filmak ironiaz aztertzen du egungo mundua. Hasiera batean gazteei zuzendutako filma bada ere, zuzendariek ziurtatu dute helduek filmaren beste irakurketa bat eginen dutela, "Asterix irakurtzean bezala, haurtzaroan gustura irakurri, baina heldutan beste zuku bat ateratzen zaio". "Lagun artean ikusteko filma da" diote.

Euskara da filmaren jatorrizko hizkuntza, baina laster ingelesez ikusi ahal izanen da Lousianako Animazio Jaialdian (Estatu Batuetan). Animasaurin, Basauriko Nazioarteko Animazio Jaialdian ere ikusi zuten orain gutxi. Astelehenean aurrestrenatu zuten filma, Iruñeko Golem zineman eta ostegunera arte Hego Euskal Herriko gainerako hiriak bisitatu ditu. Filma aurrestreinaldian ikusteko pribilegioa eduki zutenek "hitz jokoz eta detailez beteriko filma" dela adierazi dute, eta "gogoz barre egin" zutela. Gaurtik aurrera Euskal Herriko ohiko zinema aretoetan egonen da ikusgai, beraz, film umoretsuaz gozatzeko aukera izanen dugu guztiek.