Haur eta helduendako dantza ikuskizuna

Guaixe 2009ko apirilaren 24a

Igandean, arratsaldeko 17:00etan, Escena Jaialdiko bigarren emanaldia hartuko du Altsasuko Iortia kultur guneak. Larumbe Danza taldearen Azul o el ritmo de la vida da, familiartean gozatzeko egokia. Dantza garaikidea zabaldu eta sustatzeko egindako lanak ezagun egin du Larumbe konpainia. Arte adierazpen hau helduengana ez ezik, haurrengana helarazteko ahalegin berezia egin du. Lan horren fruitua ikusiko dugu igandean Iortiako agertokian. Azul ikuskizunaren bidez Larumbe Danza taldeak edozein adin, arraza edota nazionalitateko pertsonak gonbidatu nahi ditu bere erritmoarekin bat egitera, bizitzaren eta unibertsoaren taupadekin partekaturiko erritmoarekin hain zuzen. Zinema-hizkuntza erabiltzen du Azul ikuskizunak. Emanaldiko zenbait unetan film ezagunetako eszenak ikusiko ditugu, 2001, Odisea en el Espacio, Tiempos Modernos eta Matrix filmetakoak esaterako.