Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko antzerki tailerrak bere bosgarren lana eskainiko du bihar, 19:30ean eta 22:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Autore baten obra interpretatu ordez, taldekideek sortutako lana antzeztuko dute, La monarquia hechizada. Sarrerak 3 eurotan daude salgai Altsasuko kultur gunean. Sormen lanaTaldeko kideek udazken erdialdean ekin zioten lanari. Pertsonaiak lantzen hasi eta gutxika antzezlanari forma ematen joan ziren. "Ez da lan erraza" argi utzi nahi izan du taldeko zuzendari Virginia Albirak. "Inprobisazioaren bidez lan egiten dut nik. Gaur egungo hezkuntza sisteman ez da batere lantzen sormena. Horregatik hasieran kosta egiten zaie". Kostata ere, langile talde ederra elkartu dira tailerrean eta gogotsu aritu dira amaierara arte. La monarquía hechizada da lan horren fruitua. Marisaren istorioa kontatzen du antzerkiak. Neska ameslaria erreinu zahar batean batera iritsiko da, une erabakigarrian iritsi ere! Errege zaharra hil berri da eta haren alaba, Lys arraro samarra dela diote denek. Aukera berrien unea izanen da Marisarendako. Tailerraren zuzendari Virginia Albirak azaldu digunez, antzerkia umoretsua da. Pertsonen izaeraren inguruko hausnarketa egin nahi izan dute haren bidez. "Izaeraren arabera, pertsona bakoitzak bide ezberdina hartzen du egoera berean" adierazi du.Talde langileaBehin eta berriz azpimarratzen du Virginiak taldekideek egindako lana. "Bi orduko saio bat izan dugu astean behin" esan digu Virginiak, "baina azken bi astetan taldekideak egunero biltzen ari dira haien kontura. Oso datu esanguratsua da hori" gehitu du harro. "13 antzezleko taldean 4 ez beste denak berriak dira eta, hala ere, izugarrizko lana egin dute guztiek" adierazi du. Antzezleak horren gogotsu ikusita, koreografiak eta kantuak sartzera ere animatu da zuzendaria. "Prozesua oso ona izan da eta ziur nago emaitza ere halakoa izanen dela" esan digu zuzendariak. Antzezleak: Txaro Recondo, Eder Garaikoetxea, Javier Garziandia, Amelia Lapuente, Claudia Caballero, Natalia Martin, Iñigo Martinez, Olibi Galparsoro, Mikel Larraza, Marta Diego, Pilar Bueno, Julia Alvaro eta Puy Senar.