Pasadizokoen aterpearen jarraipena "arriskuan" dago

Guaixe 2009ko apirilaren 20a

Hala dio Nafarroa Baiko udal taldeak. NaBairendako Altsasuko udalak pasadizoko jendeari eskaintzen dion zerbitzu horren jarraipena "arriskuan" egotearen ardura Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuarena da. Koalizioaren ustez, "udalak zerbitzua mantentzeko proposatu duen konponbidearekiko konpromiso falta erakutsi du"  Ondare Zerbitzuak. Altsasuko Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio Nafarroako Gobernuari kamineroen etxeetako batean egokitzea pasadizokoen aterpea, zehazki iaz arte gozogintza eskolak hartzen zuen tokian. NaBaik dioenez, konponbide hori "egokiena" da, batetik, "udalak ezin duelako eraikinik erosi eta bere jabetzako guztiak udal zerbitzuekin beteta daudelako". Bestetik, "proposatzen den etxea hutsik geldituko litzateke eta soilik erabilera ezberdin baterako gobernuaren zesioa mantendu beharko litzateke". Azkenik, koalizioak dio, "kokapena oso egokia" dela, "herritik kanpo dago, nahiz eta herri-gunetik eta tren geralekutik gertu egon". NaBairen ustez, "aterpearen jarduerak bere gizarte-interes nabaria agerian utzi du". Orain artekoaAltsasuko Udalak iaz kamineroen etxe hori egokitzeko memoria osatu zuen. Horren arabera, lanek 115.000 euroko aurrekontua izanen lukete. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaien Departamentuak inbertsioa estaltzeko aurten udalari laguntza emanen ziola esan zuen. Departamentuak berak ere 18 hileko epea eman zion udalari pasadizokoen aterpea legedira egokitzeko. "Baina gobernu beraren Ondasun Zerbitzuaren erantzunik ez" duela eman salatu du NaBaik, "eskaerak egin baditu ere".  AterpeaPasadizokoendako aterpean kaputxinoen komentu ondoan dago. Haien ibilgailuak gordetzeko eraikin zahar batean egokitu zen 1990. urtean. 50 metro karratuetan bi gelan banatutako lau litera, sukaldea, komuna eta jangela daude. Aterpetxeak baldintza eskasak ditu: zorutik hezetasun handia ateratzen da; itajurak daude; ateak ez dute ongi ixten; berogailuak paretan zintzilik daude bestela erabiltzaileek arropa lehortzeko erabiltzen zutelako eta sute arriskua zegoelako. Gainera, sukaldea eta jakien biltegia komentuan daude eta aterpetxea kudeatzen duen pertsonak ezin du nahi duenean erabili. Ekainean despedituko da Altsasuko udal aterpea legedira egokitzeko Gizarte Gaietarako Departamentuak udalari emandako epea.