Gazte Asanbladak Guardia Civilaren jarrera salatu du

Guaixe 2009ko apirilaren 23a

Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) film laburren txapelketa antolatu du udalaren laguntzaz, eta horregatik hainbat grabazio egiten ari dira herrian. AGAk salatu duenez, txapelketarako lan bat filmatzen ari ziren gazte batzuen grabaketa "oztopatzen" saiatu zen Guardia Civila. Antza, apirilaren 16an, gazteek film laburrerako eszena bat Foruen plazan grabatzen ari zirela kalez jantzitako bi Guardia Civil eta zerbitzuz kanpo zeuden beste bi hurbildu zitzaizkien. AGAk azaldu duenez, Guardia Civilen jarrera "harroputza eta probokatzailea" izan zen eta gazteei isuna jarri nahi izan omen zieten. AGAk dioenez, gazteek filmaketarekin jarraitu nahi izan zuten eta horregatik patruila bat deitu zuten eta gazteak identifikatu zituzten. "Gure ekintzak bakean garatzen uzteko" eskatu du AGAk.