Maiatzeko gurutzeko ospakizunen aurreko astean, pintxoak dira hizpide Alde Zaharrean poteatzen duten askoren artean. Zazpi urteren ondoren aurten ere hala izanen da. Domekan hasi eta hurrengo ostiralera arte sei tabernetan pintxo berezi bana dastatzeko aukera izanen da. Baina aurten berritasun pare bat dakartza pintxoaren asteak. Aurreneko berritasuna antolakuntzan dago. Orain arte pintxoaren asteaz Alde Zaharreko euskal festa antolatzen zuen batzordea arduratu da. Baina aurten jende eta beta faltagatik ardura Xurrut elkarteari utzi diote. Elkarte horren baitan biltzen dira Alde Zaharreko tabernak. Elkartea ere ez du beta handirik izan guztia nahi bezala prestatzeko, baina "maiatzeko festen aurretik finkatuta zegoen data ez genuen galtzen utzi nahi". Hala esan digu Lurrazpi taberna kudeatzen duen Arratibelek.
Prezio berean
Xurrut elkartean hitz egin ondoren, aurten pintxo astean ez da lehiaketarik izanen. Hori bai, pintxo berezi bana dastatzeko aukera izanen da Koxka, Iortia, Biltoki, Arkangoa, Gautxori, Xume, Lezea eta Lurrazpi tabernetan. Gainera, 8 tabernok eskaintza eginen dute: pintxoarekin batera Errioxako ondutako ardoa eskatzen duenak 2,8 euro ordainduko ditu. Pintxo horiek dastatzeko 19:00etatik 21:00etara pasa beharko da aipatu tabernetatik. Arratibelek aurreratu digunez, "heldu den urterako elkartearen ardura izanen dela pintxoaren astearen antolaketa". Alde Zaharreko tabernariak iaz elkartzen hasi ziren eta festen eta eguberrien inguruan zenbait ekimen egin dituzte elkarrekin (txanoak, zareen zozketak...),