Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Galerak dituela argudiatu du enpresak. Altsasuko Udalak kirol azpiegituren zerbitzuaren jarraipena bermatu nahi duNitram Pool SL enpresak idatzi baten bidez Altsasuko Udalarengana jo du eta jakinarazi dio: kirol azpiegituren kudeaketa kontratuari uko egiten diola. Antza denez, Altsasuko kirol azpiegiturak kudeatzen dituen enpresak galerak ditu. Galerak estaltzeko udalari konpentsazio ekonomikoa eskatu dio, bestela onar dezala kudeaketa kontratuaren uko egitea. Altsasuko Udaletik azaldu digutenez, kontratuko baldintza pleguaren eta hari lotutako legediaren arabera, udalak ezin ditu galerak ordaindu. Bestalde, udala aholkulari juridikoekin harremanetan jarri da eta haiek jakinarazi diote enpresaren aldebakarreko uko egiteak kontratua ez betetzea ekarriko lukeela. Hori gertatuz gero, enpresak udalari sortutako kalte-galerengatik kalte-ordaina ordaindu beharko lioke. Hau da, enpresak jarritako bermeaz jabetuko litzateke udala (60.000 euro) eta, gainera, enpresak kontratuak egiteko debekua izan lezake. Akordiorako prestGauzak horrela, Altsasuko Udala Nitram Pool enpresarekin akordio batera iristeko prest azaldu da eta kontratuaren suntsiarazte espedientea zabalduko du. Modu horretan udalak lortu nahi du kirol azpiegituren jarduna mantentzea eta etenaldirik ez egotea. Espedientea osteguneko plenoan irekiko da eta hala enpresak 10 eguneko epea izanen du alegazioak aurkezteko. Epe horretan udala prest azaldu da bi aldeen arteko akordioa lortzeko. Kirol azpiegituren kudeaketarako konponbidea bilatu bitartean, enpresak zerbitzua eskaintzen jarraitu beharko lukeela dio udalak. Konponbidea bilatzerako garaian udalak esku artean izan nahi ditu aurreneko sei hilabeteetako esperientzia eta kudeaketa gastuen datu errealak. Udalak bi aukera aztertzen ditu: kudeaketa moduan aldaketak sartzea edo baldintza plegu eta lehiaketa berria egitea. EnpresaNitram Pool enpresak iazko irailean eskuratu zuen Altsasuko kirol azpiegituren kudeaketa integrala. Horren barruan daude Zelandiko kirol gunea, udako igerilekuak eta Burunda Frontoiko eta Dantzalekuko tabernak. Horregatik 2.400 euroko kanona ordaintzen dio enpresak udalari. Kiroldegia azaroaren 3an jarri zen martxan. Enpresa bera Burunda eta Zelandi pilotalekuak, kiroldegia eta atletismo pistak kudeatzeaz arduratzen da eta horren truke udalarengandik hilero 11.000 euro jasotzen ditu.