Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Margolariak, eskultoreak, bertsolariak, musikariak, idazleak eta bestelako artista ugari ditugu Sakanan. Altsasuko Kima euskara taldea artista talde hori ugaltzeko ahaleginetan dabil. Horregatik antolatu du Euskaltegietako ikasleendako ipuin lehiaketa. Helburu bikoitza du Kimaren lehiaketak: euskalduntzen ari diren pertsonei ikasitakoa klasetik ateratzera animatzea eta sakandar horien ahalegina nabarmentzea. Altsasuko euskara taldeak Altsasuko Udalaren eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin antolatu du lehiaketa, baita Arkatz liburu dendaren laguntzaz ere. MailakBerrikuntzekin dator lehiaketaren bosgarren edizioa: euskaltegietako ikasleak ez ezik, Sakanako Mintzakide programako partaideak gonbidatu dituzte lehiaketan parte hartzera. Gainera, hirugarren maila bat gehitu diote lehiaketari: lehen aldiz lehian sartuko dira ipuinen audio grabaketak. Altsasuko euskara taldeak www.altsasukokima.com web orrian eskegiko ditu ipuinak eta audioak.Aldatuko ez direnak, sariak dira, beti bezala, sari oparoekin baitator lehiaketa: A eta B mailetako ipuin onenek 75 euroko txartela jasoko dute, Altsasuko Arkatz liburu-dendan gastatzeko. C mailako onenak, berriz, Kimak emandako sari ederra jasoko du. Aurreko lau ediziotan 43 ipuin aritu dira sari horien lehian. OinarriakHiru maila ditu lehiaketak: A mailan 3. urratsera bitarteko euskara ikasleek parte hartu dezakete. B mailan, aldiz, 4. urratsetik gorako ikasle guztiek. C maila lehiaketara aurkeztutako ipuinen audioendako da. Azken bi maila horietan Mintzakideek parte hartu dezakete. A mailan banaka edo taldeka parte hartu daiteke. Euskaraz sortutako ipuinak aurkeztu behar dira lehiaketara, argitaratu gabeak, saritu gabeak eta jatorrizkoak. Ezinbestekoa da Altsasuri buruzko erreferentzia(k) sartzea (paisaiak, tokiak). Aldiz, Irainak, sexismoa, arrazakeria, gorrotoa edo bestelako jarrerak sustatzen dituzten lanak edo oinarrizko eskubideen kontrako edukiak dituztenak ez dira onartuko. Maiatzaren 7ra arte aurkeztu daitezke lanak, Altsasuko Itsasia euskaltegian. Ipuin bakoitzaren bi kopia idatzi eta beste bat disketean edo, grabaketaren kasuan, CD-an aurkeztuko dira. Kima euskara talderen esku geratuko dira lan horiek. Altsasuko euskara taldeak izendatuko du epaimahaia. Originaltasuna, sormena eta mailari dagokion euskara maila aintzat hartuta, lanik onenak sarituko dituzte. Maiatzaren 14an eginen da sari banaketa Altsasuko Iortia kultur gunean. Oinarriak bere osotasunean ikusi nahi dituenak www.altsasukokima.com orrira jo dezake.