Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean Alvaro Miranda Simavilla Ogasuneko kontseilariak esan zuen Altsasuko Udalak ezin izanen duela bidezainen pisuetako bat erabili han pasadizokoen aterpea jartzeko. Horrek Altsasuko Udalak ematen duen zerbitzua kolokan jarri dezake. Alvaro Miranda Simavilla Ogasuneko kontseilariak Nafarroa Baiko Ioseba Ezeolaza Latorre parlamentariaren galderari erantzunez zera esan zuen: "Gobernuak ez dio Altsasuko Udalari bidezainen pisu bat utziko". Kontseilariak adierazi zuenez "bidezainen etxeak patrimonio publiko zabala dira, nafar guztiena. Ez da udalarena. Bere garaian akats bat egin zen haien erabilera uzten". Miranda Simavilla kontseilariak esan zuenez, Gobernuaren asmoa da "patrimonioa berreskuratzea". Horren ondoren, "ahalik eta etekin handiena ateratzeko planteamendu integralaren" alde agertu zen. Bestalde, kontseilariak gehitu zuen "udalaren konpetentzia bada, konpon dezala bere bitartekoekin. Nafarroako Gobernuak lagunduko dio". Aurretik Ezeolaza parlamentariak gogora ekarri zizkion Nafarroako Parlamentuak gaiaren inguruan onartutako mozioak, baita Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan edota Nafarroako Aurrekontuetan gaia jasota dagoela.