Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko enpresak Beasaingo CAF-ekin aldi baterako enpresa-elkartea sortu du eta bien artean FEVErendako 23 tren egiten ari dira. Horietatik lehena heldu den hilabetean emanen diote tren enpresari. Urtea bukatu bitartean beste 11 egin eta eman beharko dizkiote FEVEri. Hilero bat. Hasiera batean akordioa aurten dozena bat tren egiteko bazen ere, heldu den urtean beste 11 eginen dituzte. 79,62 milioi euroko inbertsioa eginen du FEVEk 23 tren horiek erosteko. Merkantziak garraiatzeko 10 bagoi berri ere gehituko dira. Lanak aurrera nola doazen ikusteko FEVEko zuzendaritzako kideak, Amador Robles Tascon zuzendari nagusi buru zutela, eta enpresako sindikatuetako ordezkariak asteartean Sunsundeguin izan ziren. Tren bat bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten. CAFeko zuzendari komertzial Luis Terradillos eta Sunsundeguiko kudeatzaile Angel Pozuetak argibide guztiak eman zizkieten. TrenaSunsundegik ibilgailuaren kutxaren diseinuaz eta eraikuntzaz arduratu da, baita ekipo guztiak jartzeaz. CAFek, bestalde, egituraren egiaztatzea, gurpilak eta engantxeak emanen ditu. 90 pertsonarendako tokia, aire egokitua, telebista, megafonia, seinaleztapen panelak, komunak eta mugikortasun urria duten pertsonak trenera sartzeko plataforma ere badute. Larrialdi kasuan erabiltzeko izanen da makinistaren kabinan jarri den larrialdiko irteera. Tren dieselak dira, bina buru motorrak dituztenak. Unitate bakoitzak 35 metro luze eta 2,55 metro zabal ditu. 120 km orduko abiadura hartu dezakete, "asko kontuan izanda bide estuko trenbideetan ariko dela". 2700 serieko trenak izanen dira.SunsundeguiAltsasuko enpresako kudeatzaile Angel Pozuetak azaldu zigunez, FEVEren kontratu honek aurten "90 bat langileren lana bermatuko du eta heldu den urtean 45 batena". Kontratu horrek enpresari krisi egoerari aurre egiten lagunduko diola ziurtatu zuen Angelek. Azaldu zuenez, autobusen arloak aurten %40 egin du behera estatuan eta nazioartean eta "merkatua ez da mugitzen". Enpresak enplegu erregulazio espedienterik aurkeztuko ote duen galdetuta, zuzendariak esan zuenez "aukera guztiak agortzen ari gara. Aurreikuspenak ez dira onak erosleek finantziaziorik ez dutelako. Espedientea aurkeztuz gero langile gutxiri eragingo lioke eta txandakakoa litzateke". Gehiegi zehaztu gabe ere, enpresako zuzendaritza neurri pakete bat aztertzen ari zela aurreratu zuen. Aldi baterako kontratua zuten 40 langileri kontratua eten ondoren, Altsasuko enpresak gaur egun 260 langile ditu.