Euskal dantzen erakustaldia Iortian

Guaixe 2009ko apirilaren 30a

Euskal dantzak protagonista izanen dira maiatzaren 2an, Altsasuko Iortia kultur gunean. Bertan izanen dira Altsasuko Aintzindari dantza taldeko 25 dantzariak. Baita, haren harrobi den Etorkizuna dantza eskolako kideak. Altsasuko eta Etxarri Aranako 5 eta 14 urte arteko 40 gaztetxok osatzen dute talde hau. Sakandarretik batera, Beasaingo Nahia konpainiak parte hartuko du dantzaldian. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da ikuskizuna. Sarrerak salgai daude 6 eurotan. Atzoko eta gaurko dantzakAitzindari, Etorkizuna eta Nahia taldetako dantzariak buru belarri aritu dira biharko ikuskizun ederra prestatzen. Hiru taldeak tartekatuz joanen dira saioaren lehen zatian, bakoitzak 20 minutuko ikuskizuna eskainiz. Euskal Herri osoko dantzarik ezagunenak ikusteko aukera ederra izanen da. Baina ez hori bakarri, koreografia berriei ere tartea eginen zaie. Etorkizuna eskolako dantzariek, esaterako, banakoetan oinarritutako Etorkizuna izeneko koreografia ederra eskainiko dute. "Benetan gomendagarria da Nahia konpainiaren saioa" jakinarazi digu Etorkizuna dantza taldeko irakasle Iñaki Arregik. Beasaingo taldeak bere azken koreografiak eskainiko ditu, Akrodantza, Nahia eta Sagarraren adarraren esaterako. "Azken urtetan euskal dantzaren munduak bizi duen sorkuntza eta berritasun prozesuan bide eredugarria egin du talde gipuzkoarrak" esan digu Iñakik. Amaiera elkarlaneanAltsasuko Aintzindari eta Beasaingo Nahia dantza taldeek elkarlanean agurtuko dute dantzaldia. Jesus Maria Garatek sortutako Hator hator dantza aukeratu dute une horretarako, azken urtetan gure inguruan oso ezaguna egin den dantza. Ordu beteko dantzaldia ixteko era hunkigarria izanen da.