Kamerak hartzeko garaiz

Guaixe 2009ko apirilaren 30a

Datorren astean, maiatzaren 8an amaitzen da Altsasuko Gaztetxeak antolatutako 2. Film Laburren Lehiaketara aurkezteko epea. Asteburu luzea dago tartean eta baita Altsasuko Alde Zaharreko festak ere. Koadrilaren afari giroa egokia izan daiteke horrelako egitasmo bat abian jarri eta lagunen film labur bikaina grabatzeko. Horretara animatu ditu herritarrak Altsasuko Gazte Asanbladak. "Kalean entzun dugunagatik, badirudi nahasmena dagoela aurkezpen datarekin" esan digu Juan Carlosek. "Maiatzaren 8an gala izanen delakoan daude batzuk, baina ez da horrela. Egun horretan amaitzen da lanak aurkezteko epea. Beraz, interesa duena oraindik ere garaiz dago" azaldu du. Gaztetxeko kideen belarrietara iritsi denez, badira lanak prestatzen ari diren zenbait, "Altsasun batzuk, Iruñerrian beste batzuk...", baina gehiago ere espero dituzte! Gaztetxean laguntzaTeknologia berrietan oso jantzia ez dagoenak, ez du zertan beldurtu. Gaztetxearen lehenengo pisuan ordenadore bat dago nahi duenaren eskura, montajea egiteko programekin. "Norbaitek behar badu, gure laguntza izanen du horretan" adierazi zuen Baxerrik. 5 kategoria bereiztu dituzte antolatzaileek: animazioa, denuntzia, fikzioa, 18 urtetik beherakoena eta mugikorrarekin egindakoena. Beraz, kamera ez edukitzea ez da aitzakia! Gehienez ere 15 minutuko iraupena izanen dute filmek eta DVD formatuan aurkeztu behar dira. Bestalde, filmarekin batera, hura iragartzen duen kartela ere aurkeztu behar da, A4 tamainan. Erakusketa eta galaEkitaldi ugari antolatu dira Film Laburren Lehiaketaren harira. Film laburrak lehiaketara aurkeztearekin batera, Iortia kultur guneko erakusketa-gelan eskegiko dituzte. Lehiaketara aurkeztutako filmen kartelek Gazte Asanbladak erakusketarako bereziki sortutako kamerak izanen dituzte alboan, XX. mende hasierako kamera automatiko zein eskukoak. Hilaren amaierara arte egonen dira ikusgai, Iortia kultur gunean. Bestalde, maiatzaren 23an eta 24an, lehiaketara aurkeztutako film guztiak mustuko dituzte Altsasuko zineman eta gustukoena aukeratuko dute ikusleek. "Sari handia da norberak egindako filma pantaila handian ikustea" esan zuen Baxerrik. Baina ez da hori izanen sari bakarra. Izan ere, ekainaren 13an gala erraldoia eginen dute. "Orain 4 urte, Gaztetxearen 15. urtemugan egin genuen galan txiki geratu zitzaigun kultur etxea" adierazi zuen Baxerrik. Ez dute atzean geratu nahi aurtengoan.