Alacantetik domina pare batekin bueltan

Guaixe 2009ko apirilaren 30a

Hala bueltatu ziren apirilaren azken asteburuan Bargagain klubeko Jon Monreal eta Laura Claver. Apirilaren 24an eta 25ean Alacanten 40 herrialdeetako 1.600 taekwondolari bildu zituen nazioarteko irekia jokatu zen. Esan bezala, haien guztien artean kirolari sakandarrak nabarmentzeko aukera izan zuten. Teknikako gizonen senior mailako hirukoetan, Jon Monrealek, Elizalde eta Cabezarekin batera, brontzezko domina eskuratu zuen.Metal bereko domina eskuratu zuen Laura Claver Garcia altsasuarrak teknikan. Bera junior mailan lehiatu zen 8 herrialdeetako beste 32 parte hartzailerekin batera eta hirugarren bukatzea lortu zuen.Bizitzarako ere baliagarria den kirolaLaurak berak azaldu digunez, iaz lehen erronda besterik ez zuen pasa, baina aurtengo esperientzia "ona" izan da. Laurak kiroldegian bildutako jende ugariaren begiradei eta urduritasunari aurre egin behar izan zien, "inpresioa" egiten duelako. Guztiari aurre egin eta "ongi" moldatu zen. Laurak azaldu digunez, halako lehiaketak ere "lau katu bakarrik ez gaudela, jende gehiago badagoela ikusteko baliagarria da. Gustatzen zaidanean aritzea eta parte hartzea pozgarria da".Anaia hasi zen taekwondoan eta atzetik bere izena eman zuten. Opatu zuena gustatu zitzaion eta segitu egin zuen. Gaur egun gerriko beltza eta 2. dam-a du. Heldu den urtean 3. dam-a eskuratzeko azterketa eginen du. Laurak aitortu digu taekwondoa "gogoko" duela, "ez da ohiko kirola. Defentsa pertsonala erakusten du. Kontzentrazioa eta auto-kontrola eskatzen ditu. Bizitzarako ere baliagarria dena".Teknikaz ere galdetu genion Laurari eta esan zigun "irudimenezko borrokaldi bat da. Defendatzeko modu bat da. Borrokaldietan jo egiten da. Teknikan indarra, ukabil eta oinaren koordinazioa, ostikoak, defentsak lantzen ditugu.Nik nahiago dut teknika". Laurak azpimarratu digunez, "taekwondoa, edo arte martzialak ez dira soilik borrokaldiak".Aurrera begira, maiatzean Nafarroako selekzioarekin hainbat txapelketetan parte hartuko dute Bilbon, Ciudad Realen eta Iruñean. Nafarroako Kirol Jolasen bukaerarekin batera kontzentrazioa eginen dute gainera.