Narancoko igoera Orbearendako

Guaixe 2009ko maiatzaren 4a

Euskaltel taldeko filiala den Orbeako Romain Sicard hazparrendarra gailendu zen atzo Asturiasen jokatutako Narancoko igoeran. Etapa hasieratik ihes egin zuen Libertyko Carlos Nozal, Sean Kellyko Brammeir eta Amica Chips taldeko Bole txirrindulariekin batera eta alde handia atera zioten tropelari, 9 minutukoa. Tropela haiek harrapatzeko tiratzen hasi zen, eta aurrean zegoen laukotetik soilik Sicardek eutsi ahal izan zuen, besteak mendi gogorretan atzean geratu baitziren. Sicard bakarrik heldu zen helmugara (3:56:27), Libertyko Nuno Ribeiro bigarrenari 26 segundo atereaz. Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti 46. izan zen, 2:40ra eta Euskalteleko Jorge Azanza altsasuarra 48., 2:45era. Bestalde, Paco Manceborendako izan zen Asturiaseko Itzulia, ostiralean El Acebon lortutako maillot horiari eutsi eta gero. Euskalteleko Jorge Azanza 61. sailkatu zen, 38:58ra.