Itziar Nazabal mugaz haratago

Guaixe 2009ko maiatzaren 5a

Mugarik gabeko adierazpena da arte plastikoa. Agerian utzi du hori Itziar Nazabalek. Muga guztiak gainditzen dituen eremuan, interneten, berriki saritu dute altsasuarra: 3. postuan sailkatu da Conectarte lehiaketan. Muga fisikoak ere gaindituz, bere margolanek Kolonbia eta Kordobarako bidea hartu dute. Conectarte lehiaketan 3.aArteari buruzko aldizkari birtuala da Conectarte. Artea garatzeko eta bultzatzeko helburuarekin sortu zen. Herrialdeen eta kulturen arteko mugak gainditu nahian, internet hartu zuten aldizkariaren euskarri. Espainiako eta nazioarteko artista, artelan eta erakusketa esanguratsuenen berri ematen du www.conectarte.com orriak. Artista entzutetsuenekin batera, artista gazteei ere lekua egiten saiatzen da aipatutako web orria. Horretarako antolatzen dute urtero Conectarte Nazioarteko Lehiaketa. Pasa den asteburuan eman zituzten ezagutzera 2009ko sarituak. Itziar Nazabal altsasuarrak 3. saria lortu du. Sariari esker, Itziar Nazabalen obrak leku berezia izanen du web orrian. Altsasuko artista pozik zegoen emaitzarekin. Nazioarteko Erakusketa KolonbianNazioarteko Erakusketa Ibiltariak Kolonbiara eraman ditu Itziar Nazabalen margolanak. Laboyos hiriko Nazioarteko 1. Pintura Jaialdian parte hartzera gonbidatu zuten Itziar eta altsasuarrak pozik onartu zuen gonbidapena. Nazioarteko 13 herrialdetako 63 artisten margolanen artean Itziar Nazabalen obrak ageri ziren. Arrakasta itzela erdietsi zuen altsasuarrak: ohorezko izendapena jaso zuen. Hori gutxi ez, eta hasiera batean herriko artistei mugatua zegoen egutegian txertatu zuten bere obra. Laboyos-ko 11 margolariren ondoren, altsasuarraren margolanak apaindu du 2009ko egutegian abendua. "Egutegian hiritik kanpoko artista bat sartzen duten lehen aldia da" adierazi du Itziar Nazabalek. Izan ere "altsasuarraren lana ez da gurearengandik ezberdintzen" diote antolatzaileek.Erakusketa arrakastatsu horren ondoren, Huilako Saire Auditorioan, Nazioarteko Arte Erakusketan eskegi dituzte artista altsasuarraren lanak, baita Huilako Arte Garaikidearen Museoan ere. Azken horrek hartu zuen Nazioarteko Mach Arte Erakusketa. 15 herrialdetako 85 artistaren lanak ikusi ahal izan ziren minbiziaren aurkako erakusketa horretan, tartean Itziar Nazabalenak. Emakumeak arteanBeste proiektu interesgarri batendako denbora ere atera du Itziar Nazabalek. CIALEC (Centro Internacional de Arte y Literatura Equipo Cordoba) taldearen gonbidapena jarraiki, Ellas en el arte katalogoan parte du, beste margolari, eskultore, grabatzaile, argazkilari eta poetekin batera, denak ere emakumeak. Nazioartean emakumeen lana ezagutarazteko helburua du proiektu honek. Katalogoari azken bultzada emateko, Ellas obra egitera gonbidatu dituzte proiektu horretan parte hartu duten 6 artista. Aukeratuen artean dago Itziar Nazabal. Francisco Arroyo  Ceballos artista ezagunaren zuzendaritzapean, 6 artistek Ellas obra egin dute elkarlanean. Itziar Nazabalek Kordobarako bidea hartu zuen Aste Santuan bere ekarpena egiteko. 200 x 100 zentimetroko obran beste artista batzuei ere lekua egin diete. Itziar Nazabalek jakin arazi digunez "CIALEC elkarteko kide izateak ireki dizkit proiektu horien ateak. Asko mugitzen den erakundea da eta oso pozik nago taldean onartu nindutelako".