Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko kultur guneko agertoki nagusia hondartza bihurtuko da bihar, 20:30ean. Glu glu producciones taldearen Marika de playa antzezlanaren ondorio izanen da. Victor da antzezlan horretako protagonista, berrogei urteko gizona. Krisi batean baino gehiagotan murgildurik dago gaixoa: adinak eragindakoan, bikotekidearekikoan eta krisi pertsonalean. Zoriontsu zela uste zuen, baina banandu zenetik ez du hain argi. Zalantzetan murgildurik, bikote ohiaren bila dabil hondartzan. Halako batean, Martarekin egingo du topo. Marta eguzkia hartzeko toki lasai bat aurkitu nahian dabil eta ez du inorekin hitz egin nahi. Are gutxiago arrotz batekin. Patxi Perezen lana antzeztuko dute egileak berak eta Mila Espigak, biak ere Ana Perezen zuzendaritzapean. Ordu atsegina pasatzeko aukera eskainiko dute bihar iluntzean. Sarrerak salgai daude 6 euroan.