Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko abesbatzak Ribaforadako San Bartolome koruari harrera eginen dio igandean. Ez dute gutxiago merezi; izan ere, apirilaren 26an Nafarroako Erriberako herrian egon ziren altsasuarrak. "Primeran zaindu gintuzten!" diote altsasuarrek. Abesbatzen elkartrukeak Altsasura ekarriko du domekan San Bartolome abesbatza. Igandean, 12:30ean, bi abesbatzek bat eginen dute Iortia kultur guneko agertokian. Ribaforadako abesbatza izanen da kontzertuko protagonista. 1985ean sortu zen Erriberako abesbatza hau eta indartsu dirau. 60 kide inguru ditu, horien artean asko gazteak eta musikan jantziak. Bere errepertorio oparoa erakutsiko du igandeko saioan, Eduardo Calvoren zuzendaritzapean. Erkudengo Ama abesbatza ere ez da abestu gabe geratuko. Bi kantu eskainiko dizkie Iortia kultur gunean biltzen direnei. Saioa agurtzeko, bi abesbatzak elkarrekin igoko dira oholtza gainera eta bi abesti eskainiko dituzte elkarlanean. Altsasuko eta Ribaforadako abeslariek mahaiaren inguruan despedituko dute eguna.