Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko alderdi sozialistak asteartean aurtengo udal aurrekontuei aurkeztutako emendakinak aurkeztu zituen. Sozialista altsasuarrek jakinarazi zutenez, udaleko gobernu taldeko kide den NaBairekin aurreneko kontaktua izan zuten, "baina akordiorik ez zen izan. NaBaik beste taldeei zirriborroa aurkeztu dienez, gure emendakinen berri ematera behartuta gaude". Eta gaineratu zuten: "aurrekontua gurekin negoziatu behar zuten, baina saltatu egin dute. Interesatzen zaienean gobernu taldea garela gogoratzen dute eta nahi dutenean ez". Gobernu paktua "arriskuan" zegoela azpimarratu zuten alderdi sozialistako kideek. EmendakinakPSNren udal taldeak aurtengo aurrekonturako aurkeztutako emendakinak "gizarte politikak indartzera eta enpleguren sustapenera bideratuta daude". Azken atal horren barruan, udalak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzaz 12 langile 6 hilabetez kontratatzeko proposamena egin du PSNk. 40.000 euroko inbertsioa litzateke. Langile horiek zein egiteko izanen luketen ere zehaztu zuten zinegotzi sozialistek. 4 langile gizarte zerbitzuen eta Gurutze Gorriaren egoitzak zaharberritze lanetan aritzea proposatzen dute. Ondoren, bata DYArendako eta bestea pasadizokoen aterpe gisa erabiltzeko proposamena egin du PSNk.Sozialisten proposamenaren arabera gainontzeko langileak Zelandi ikastetxearen eta Dantzaleku kirol gunearen perimetroaren itxieran ariko lirateke, industrialdeen, Baikolar eta Zuntaipe auzoetako espaloiak egin eta konponketetan, eta baita bideen konponketetan eta garbiketan ere. GehiagoEmendakinetan jasotako sozialisten beste eskaerak honakoak dira: udaleko bilkura aretorako megafonia (15.000 euro); senidetzeak mantentzea (10.000 euro); jubilatu elkartearen ondoan adinduendako parkea (20.000 euro); gizarte zerbitzuen egoitza zena zaharberritzeko (150.000 euro); Emakumearen batzorderako (25.000 euro); Gizarte larrialdietarako laguntzak (18.000 euro); DYArekin hitzarmena (3.000 euro). Gizarte ZerbitzuakAltsasuko udal talde sozialistak asteartean jakinarazi zuenez, "ez dugu babestuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean langileendako onartutako %20ko soldata igoera jasotzen duen aurrekonturik". Zehaztu zutenez, mankomunitateak adostu du ere "lehendakaritza eta langileen artean lotura eginen lukeen langileari %15 gehiago ordaintzea. Gaur egun bi langilek egiten dute hori". Sozialisten iritziz, "udalarendako lan egiten duten gainontzeko langileendako diskriminazio garbia dela uste dugu". Sozialistek azaldu zutenez, "aurretik %17ko soldata igoera adostua zegoen eta aplikatzen ari zen". Mankomunitateko presidentzia, Mª Jose Notariok osasun arrazoiengatik baja hartu ondoren NaBaiko kide baten esku gelditu zen eta haren zuzendaritzapean erabaki da langileendako sozialistek kritikatzen duten soldata igoera hori. Koalizioaren jarrera aldaketa salatu zuten sozialistek. Azaldu zutenez, "aurretik adostua zegoen ekainerako atera behar zirela hutsik dauden lanpostuak, baina atzeratu egin da. Orduan gobernuaren postuekin berdinduko genituzke". Sozialistek gaineratu zutenez Sakanako gizarte zerbitzuen 3 mankomunitateen bateratzeaz ez da oraindik ezer esan.