Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoaren amaieran izan genuen 2009ko Principe de Viana Sarirako hautagaien berri: Jesus Muneta musikaria, Bilaketa kultur elkartea, Ignacio Aranguren maisua, Lorenzo Ondarra musikari eta organista eta Gonzalez Acilu musikagilea. Bost izenen artean bi sakandarrak. Hilabete eta erdi geroago jaso dugu berri ona: Nafarroako Gobernuak Agustin Gonzalez Acilu izendatu du saridun. Nafarroako Gobernuak 1990an sortu zuen Principe de Viana Saria, Nafarroako norbanako, talde edo erakundeek kulturan egindako lana aitortzeko helburuarekin. 20. edizioan Sakanara iritsi da saria. Leireko monasterioan izanen da sari banaketa ekainean. Musika garaikidearen ordezkari"Musika garaikidearen ordezkari nabarmenetako bat da musikari altsasuarra" dio Nafarroako Kultura Kontseiluak. Behin eta berriz goraipatutako ibilbide musikal paregabearengatik proposatu zuen Ars Incognita erakundeak sarirako. Mugarik ez duen ibilbide oparo horrek eman dio saria altsasuarrari. Soinu-errealitate berrien bilaketak markatu du Gonzalez de Aciluren ibilbide musikala. Bere obretan hari fin batek uztartzen ditu musika tonal eta atonala. Altsasuarrak musika garaikideko soinu objektiboekin eta elementu kulturalaren subjektibotasunarekin jolas egiten du. Aipagarriak dira ere bere ikerketa linguistikoak: Gonzalez de Aciluk inork ez bezala aztertu du hizkuntzak eta musikak bat egiteko modua, inork ez bezala integratu du hitza bere obretan eta inork ez bezala landu ditu ahotsak. Gonzalez Aciluren hitzetan, "soinuak mugitzean datza musika". Altsasuarraren sormen lanean bat egiten zuten askatasunak eta zorroztasunak. Horiek oinarri hartuta, estilo jakin baten ordezkari izan da, musika komertzialetik haratago. Obra konplexuak dira bereak; "bizitzea tokatu zaizkidan une historiko lazgarrien modukoa" dio berak. Musikari eskainitako biziaEz ziren errazak izan Gonzalez Aciluren hastapenak. 1929an jaio zen Altsasun. Gerra garaiko eta gerra osteko Sakanan, ezerezetik hasi behar izan zuen. Herriko bandan izan zuen lehen harremana musikarekin, baina harekin zerikusirik ez zuen Bach-en musikak ireki zizkion begiak. Mundu berri bat ireki zen bere begien aurren. 21 urterekin, bere jaioterria utzi, eta Madrilerako bidea hartu zuen, soldaduska egiteko. Han geratu zen eta armonia, Kontrapuntu eta fuga eta konposizio ikasketak egin zituen kontserbatorioan. 60ko hamarkadan iritsi zitzaizkion aukera nagusiak. Fernando Remacharen babesarekin, Nafarroako Printzea Instituzioaren beka jaso zuen. Hari esker, Parisen jarraitu zituen ikasketak. Ondotik, beka berriek Venezia eta Erromara eraman zuten altsasuarra. Ibilbide luze honetan asko dira altsasuarrak jaso dituen sariak: Samuel Ross saria jaso zuen 1962an. Bitan jaso du Sari Nazionala: 1971n, Oratorio Panlingüístico obragatik eta 1998an bere ibilbideagatik. Altsasuarraren Asschermittwoch, Canto de las Lesbianas edo Arrano Beltza bezalako obrak 51ko belaunaldiaren esperimentu azpimarragarrienetakoak dira. 80 urte bete berri dituela, lanerako gogotsu jarraitzen du musikagile altsasuarrak. Horren adierazle, mustu berri duen Bigarren Sinfonia edota esku artean dituen zazpi obrak, opera bat tartean. Pentagrama eta pentagrama artean, sariak jasotzeko tartea hartu beharko du altsasuarrak: kontzertu monografikoak batean, Madrileko kontserbatorioaren urrezko domina bestean eta, oraingoz, azkena, Nafarroako Gobernuaren sari nagusia, Principe de Viana Saria.