Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Altsasuko Zelandi kiroldegian jokatu ziren mutilen kadete mailako ligako titulua lortzeko Lauko Finalak edo Final Fourrak. Nafarroako Saskibaloi Federazioak Altsasuko Saskibaloi Klubari eman zion aipatu Final Fourra antolatzeko ardura eta primerako lana egin du Altsasuko klubak, antolakuntza primerakoa izan baita eta saskibaloi zaleek bete egin baitute Zelandi kiroldegia, sekulako giroan. Jakina denez, Altsasuko kadeteen taldea bigarren postuan sailkatu zen ligan, eta hortaz Final Laukoak lortzeko txartela lortu zuen San Cernin, Ardoi eta Fonseca Ursulinas taldeekin batera. Larunbateko Final Fourretan San Cerninek Ardoi taldea izan zuen aurkari eta lehenengoak sailkatu ziren, 54-44 irabazita. Bigarren partidan etxekoek, Altsasuk, Fonseca Ursulinas hartu zuten. Partida oso berdindua izan zen lehen hiru laurdenetan, baina laugarren laurdenean Iruñekoek ihes egin zuten. "Partida amaierarako 5 minuturen faltan sei puntuko aldea atera ziguten, eta distantzia hori ezin izan genuen gainditu ez fisikoki ez moralki. Ligan ez bezala, ezin izan genuen azeleratu irabazi ahal izateko. Hortaz, Ursulinasekoek merezita irabazi zuten" adierazi du kadeteen entrenatzaile Fermin Herrerok. Horrela, igandean Final Fourreko finalak jokatu ziren. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehian Altsasuk 50-71 galdu zuen Ardoiren kontra, laugarren klasifikatuz. Fermin Herrero entrenatzailearen iritziz arbitrajeak Altsasu goitik behera zigortu zuen. Altsasu 36-31 irabazten zihoan arbitroak taldeko jokalari bat kaleratu zuenean, jokalari oinarrizkoetako bat, hain zuzen, eta horrek sekulako eragina izan zuen taldearengan, beste hainbat faktorerekin batera partida galduz. Final handian, San Cerninek 71-65 irabazi zion Fonseca Ursulinasi. Balorazioa"Nahiz eta Final Fourrak zapore gazi-gozoa utzi, laugarren postu horrek finean bigarren postuko zaporea dauka guretzat, liga erregularrean lortu genuen postua hain zuzen. Nolanahi ere txapelketa bikaina egin dugu eta mutilak gogoz zoriondu nahi ditut. Espero dut eurak entrenatzen pasatu dudan bezain ongi pasa izana eurek denboraldi honetan" azpimarratzen du Fermin Herrerok, jokalariak euren artean bikain moldatzen direla eta talde oso batua dela gaineratuz. Giroa primerakoa izan zen partida guztietan, harmailak beteta zeudela, eta zaleek gogoz animatu zituzten euren taldeak. Kuriositatez, aipatzekoa da Iskiza gimnasia erritmikoko taldeko kideek erakustaldi ederra egin zutela atsedenaldietan. Altsasuko Saskibaloi Klubak kritika eta balorazio onak jaso ditu Final Fourren antolakuntzagatik.