Igandean eginen da AHTri buruzko galdeketa

Guaixe 2009ko maiatzaren 15a

Lizarragabengoaren ondoren, etzi Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruzko herri galdeketa eginen da Arbizun, AHT Gelditu! Elkarlanak sustatuta. Arbizuarrek lixarrengotarrei egin zitzaien galdera bera erantzun beharko dute: AHT egitasmoaren aldekoa zara? Bai edo ez aukerak markatu beharko dituzte galdeketan parte hartzen dutenek. Nahi dutenek iritzia emateko aukera izanen dute, 9:00etatik 20:00etara, eskolan jarritako hautestontzian. Lizarragabengoan bezala, galdeketa antolatu duen AHT Gelditu! Elkarlanak festa ukitua eman nahi dio etziko herri galdeketari. Hala, jolasak, triki-poteoa, zanpantzarra eta bazkaria antolatu ditu. Biharko afaria ere iragarrita dago. Udalaren deiaArbizuko Udalak agiria zabaldu du galdeketaren berri emanez. Ohar berean udalak dio "garrantzitsua" iruditzen zaiola "herritar guztien diruarekin egin asmo duten obra erraldoi horren inguruan denon iritzia jaso eta ezagutaraztea". Arbizuko Udalaren ustez "lau urtetik behin botoa ematearekin ez da nahikoa, herritarrek gai garrantzitsuen inguruan iritzia eman eta iritzi hori errespetatzea bidezkoa da". Horreagatik galdeketan parte hartzera deitu du.