Udalak pintaketa eta esku-orri batzuen edukia salatu ditu

Guaixe 2009ko maiatzaren 12a

Igerileku estaliak direla eta Zelandiko kiroldegian pintaketak agertu ziren eta zenbait tabernetan esku-orriak banatu ziren. Haietan alkatearen eta kiroldegiko langile baten kontra jotzen zen. Astelehenean Europako hauteskundeetarako mahaiak aukeratzeko egindako osoko bilkuran Altsasuko Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen. Udalak bere adierazpenean dio pintaketetan eta esku-orrietan "alkateari eta kiroldegiko langile bati zuzendutako irainak eta deskalifikazio pertsonalak egiten direla". Horregatik, udalak, aho batez, "halako ekintzak guztiz gaitzetsi" ditu, "kritikatik harago irainean eta deskalifikazio pertsonalean sartzen direlako. Aldi berean, kaltetuei "elkartasuna" adierazi zien.  "Gertaerak salatu eta egileari bidezko ardurak eskatu nahi izatekotan" Altsasuko Udalaren "kaltetuak babestuko dituela" jaso da. Puntu horretan ezker abertzaleko zinegotziak abstenitu egin ziren.