Kimak banatu ditu sariak

Guaixe 2009ko maiatzaren 18a

Altsasuko Kima Euskara Taldeak joan zen ostegunean banatu zituen euskaltegietako ikasleendako ipuin lehiaketako sariak. Iñaki Lasa ipuin kontalariaren emanaldiak eman zion hasiera banaketa ekitaldiari. Haren ipuinekin gozatu ederra hartu eta gero, sariak jasotzeko txanda iritsi zen. Hain zuzen, ipuin kontalaria arduratu zen sariak banatzeaz. AEKren Sakanako Itsasi euskaltegiko 58 ikaslek 20 lan aurkeztu zituzten lehiaketara, 3 A mailan (3. urratsera artekoak) eta 17 B mailan (4. urratsetik gorakoak). Estreinakoz, ipuinen audio grabaketak ere lehian sartu ziren, C mailan. 2 lan jaso ziren maila honetan. A mailan Lydia Esainek, Marisol Berasategik, Aingeru Suarezek eta Roberto Estarriagak aurkeztutako Bartolo eta hartza idazlanak jaso zuen saria. Epaimahaiak "lanaren samurtasuna" eta "elementu komikoak" azpimarratu zituen. B mailan Abarne Villarren Sakrifikatu beharreko apeza idazlana izan zen sariduna. Epaimahaiak azpimarratu zuenez, "jolas moduan aurkezten da eta suspensea du". Lanaren euskara maila egokia ere nabarmendu zuen. Altsasuko Kima euskara taldeak Arkatz liburu dendan gastatzeko 75 euroko txartel bana banatu zituen maila bakoitzean. C mailari dagokionez, Ioli Claver, Kote Zubeltzu, Rakel Ausin, Dolo Fernandez de Arroiabide, Maite Claver, Amaia Castillo, Aitziber Lezea, Mª Carmen Unamuno eta Juan Pereak, Kima euskara taldearen saria jaso zuten Aitonaren ipuina lanagatik. Altsasuko euskara taldea pozik geratu da ikasleek euskaltegitik kanpora atera dutelako ikasitako eta haien ahalegina errekonozitua izan delako. Kimak www.altsasukokima.com orrian eskegi ditu lehiaketara aurkeztutako lan guztiak, aurreko ediziotako lanen ondoan. Ipuinak irakurtzera gonbidatu ditu sakandarrak.