Txileko Santiagoko Euzko Etxea abesbatza gaur Altsasun

Guaixe 2009ko maiatzaren 22a

Txileko Santiagoko Euzko Etxea abesbatza Euskal Herrian bira egiten ari da, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta. Bira horren barruan, Euzko Etxea abesbatza Altsasura etorriko da. Euzko Etxea ahots baxuen abesbatza da, hau da, gizonek osatutakoa, eta Patricio Aburto Jarak zuzentzen du. Erkudengo Ama abesbatzako kideek 17:00etan eginen diete harrera. Lehen hartu-emanaren ondoren, bi abesbatzak iluntzean eskainiko duten kontzertua prestatzera joanen dira. Kontzertua elizan izanen da eta Altsasuko abesbatzak beti ematen dizkien erraztasunak eskertu nahi dizkio parrokiari. Emanaldia 20:45ean hasiko da, elizan. Abesbatza bakoitzak lauzpabost kanta abestuko ditu, bakoitzak bere aldetik. Horren ondoren, bi abesbatzek elkarrekin ere kantatuko dute. Erkudengo Ama abesbatzako kideek aurreratu digutenez, euskal folkloreko kantetan oinarriko du bere emanaldia. Kontzertuan Enrike Zelaia akordeoilariak ere parte hartuko du, Txilen aski ezaguna dena. Bestalde, Erkudengo Ama abesbatzako kideek azaldu digute oso pozik geratu direla Ribaforadako San Bartolome abesbatzarekin egindako trukearekin, "euskaraz agurtzeko detailea eta guzti izan zuten".