Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Kima euskara taldeak larunbatean mustu zuen lehenengo ibilbide botanikoa. Inguruko landare eta zuhaitz aberastasuna ezagutzeko aukera eskaintzen dute ibilbide horiek. Estrainako ibilbidean dozena bat pertsona bildu ziren eta Atabo aldera jo zuten, handik ibilbidea hasteko. Bi ordu inguruko martxan, han-hemenka opatutako landare eta zuhaisken berri jaso zuten: non sortzen diren, haiei buruzko xehetasunak eta abar. Informazio hori janzteko, material osagarria jaso zuten. Altsasuko landare ohikoenak ezagutzeko aukera berria izanen da bihar, 16:30ean. Hiru Bide inguruan bildu eta oinez, Dermau aldera joko dute, inguru hartako landareen berri jasotzeko. Azalpenak euskaraz emanen dira. Altsasuko Kima euskara taldeak ibilbidean parte hartzeko gonbitea egin die natura maite duten guztiei. Familian, haurrak gurasoekin, nahiz banaka, herriaren ikuspegi berria ezagutzeko aukera polita da. Euskara taldeak aurretik www.altsasukokima.com web orrian izena emateko eskaera egin du.