30 film onena hautatzeko zain

Guaixe 2009ko maiatzaren 22a

Azken asteetan itxura berria du Altsasuk. Herria kartel koloretsu eta klaketaz beterik dago eta sarreran, trenbideko zubian, GAZTEWOOD dioten hizki erraldoiak ageri dira. Film Laburren Lehiaketa iragartzen dute guztiek. 30 lanMaiatzaren 8a izan zen Film Laburren Lehiaketara aurkezteko azken eguna eta, hori ezustekoa hartu zuen Altsasuko Gazte Asanbladak: 30 film labur aurkeztu dira lehiaketara. "Erdiak espero genituen!" esan ziguten gazteek. Urrian iragarri zuten Film Laburren 2. lehiaketa. Orduz gero, etengabea izan da propaganda: kartelak egin, prentsarekin egon, herrietako Gazte Asanbladak informatu, Youtubera igotzeko montajetxo bat ere egin zuten, lehiaketaren arauekin. Gainera, filmaren muntaketan laguntzeko prest azaldu dira antolatzaileak eta nahi duenaren esku jarri dute Gaztetxeko ordenadorea. Antza, oihartzun handia izan du lehiaketak eta jendearen erantzuna ere halakoa izan da. Besteak beste, Orereta, Iruñerri, Uharte, Etxarri Aranatz eta Altsasuko jendea aurkeztu da lehiaketara. 5 kategoria zituen lehiaketak: animazioa, salaketa, fikzioa, 18 urtetik beherakoena eta telefono mugikorrarekin egindako filmena. "Fikzioen atalean daude aurkeztutako lan gehienak, baina denetarik dago. Lanik gabe geratu den kategoria bakarra mugikorren bidez egindakoena da" azaldu zuten. Emanaldiak Antolatzaileen arteko hiruk baino ez dituzte ikusi filmak. "Efektu bereziak, tiroak, negarra eta barreak" egonen direla ziurtatu dute. Gainerakoek asteburu honetan dugu horiek ikusteko aukera. Gaur eta bihar 17:00etan emanen diote hasiera emanaldiari eta igandean, berriz, 19:00etan. "Hasiera batean 19:00etarako iragarri genituen emanaldiak, baina film labur guztiak eskuan izanda, denbora gehiago behar genuela ohartu ginen. 4 orduko saioak izanen dira" azaldu zuten. Sarrerak salgai daude Altsasuko Iortia kultur gunean, euro baten truke; "prezio merkea, herritar guztien eskura egotea nahi dugu eta" esan zuten. Adin guztietako ikusleak gonbidatu dituzte zinemara. Hori bai, adi ibili behar sarrerekin: larunbaterako ez da sarrerarik geratzen eta erredakzioa itxi zenean igandekoak ere agortzear zeuden. Ikusleek izanen dute hitzaFilm Laburren 2. lehiaketak ez du epaile aditu eta selektiborik izanen, filmen ikusleek izanen dute hitza. "Filmen emanaldietan orri bana emanen diegu ikusleei, gustukoen dituztenak aukera ditzaten" esan zuten antolatzaileek. Bozketa horrek erabakiko du kategoria bakoitzeko irabazlea. Kategoria bakoitzeko lanik onenak ez ezik, beste lan batzuk ere sarituko dituzte: "Altsasuko irabazlea, euskarazko lanik onena, e.a. 12 sari emanen ditugu"  esan zuten. Filma ez ezik, horien kartela ere aurkeztu behar izan dute parte-hartzaileek. Joan zen aste hasieratik Iortia kultur etxeko erakusketa gelan daude ikusgai, XX. mende hasierako kamera zaharrekin batera. Herritarren bozak emanen dio saria horien arteko onenari.Ekainean Gaztewood jaiaAntolatzaileek isilpean gordeko dituzte saridunen izenak. Ekainaren 13an argituko da ezkutuko sekretua, Gaztewood Jaian. "Gala erraldoia antolatuko dugu; txiki utziko dugu Hollywood!" zioten Gazte Asanbladako kideek. "Gaztetxearen 15. urtemugako jaialdian txiki geratu zitzaigun kultur etxea, eta direnak eta ez direnak entzun behar izan genituen" esan ziguten. "Horregatik frontoira eramanen dugu aurtengo festa. Kodak aretoaren tankera hartuko du!" zioten. Luxuzko kotxeak, galako trajeak, musika zuzenean, bideoak, bakarrizketak, Follonero edo Caiga quien caiga moduko artisten zuzeneko emanaldiak, e.a. Ez da ezertxo ere faltako! "Zuen burmuinetan betiko geratuko da Gaztewood Jaia!" ziurtatzen du Gazte Asanbladak. Giro horretan banatuko dira Film Laburren Lehiaketako sariak.