Recindsako langileak mugagabeko greban

Guaixe 2009ko maiatzaren 25a

Aurreko ostegunean, greba orokorrerako deialdiarekin bat egin zuten Recindsako langileek, haien egoeraren larria salatu nahi zutelako. Egun hartan bertan enpresako abokatuak jakinarazi zien lantegia itxita zegoela. Gauzak horrela, langileek ostegunean bertan mugagabeko grebari ekitea erabaki zuten. Enpresako atean gelditzea ere erabaki zuten, "lana lapurtu ez diezaguten". Otsailaz geroztik, konkurtso legearen pean dago enpresa. Horren guztiaren inguruan informazio "gutxi" izan zutela salatu zuten langileek. Administratzaileek gaur epaileei txostena aurkeztuko diete eta haiek aztertuko du enpresa itxi edo bideragarria den. Hori dela eta, Recindsako langile talde bat bere protesta Industria Departamentuaren egoitzaren aurrera eraman du. 9:30etik 12:30era kontzentrazioa egin dute. Langileen beste talde bat enpresa atean gelditu da. Azken ordezkaritza bat, berriz, Altsasuko alkatearekin biltzekoa zen. EgoeraLangileek ostiralean emandako prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, "agonia iazko azaroan hasi zen, aldi baterako kontratua zuten langileak kanporatu zituztenean". Abenduaz geroztik 69 langileri eragiten dien enplegu erregulazio espedientea (EEE) dago indarrean. Urte bateko epean 90 eguni eragiten die. Baina langileek jakinarazi dutenez, "3 hilabete erabili da soilik, langile bakoitzak bataz beste 20 egun". Langileek aipatu zutenez soldaten ordainketetan atzerapenak izan dituzte.Langileen ordezkariek prentsaurrekoan salatu zutenez, "gure eskubideei uko egiten egon garen bitartean lantegiko ekoizpena KT Kataforesis taldearen beste enpresetara eraman dute. Enpresa produkzioa lapurtzen ari zaigu eta, aldi berean, enplegua deuseztatzen ari da". Horregatik, langileek Nafarroako Gobernuari "herrialdetik eraman nahi dituzten lanpostuen defentsan inplikatzeko" exijitu zioten. Kontseilariari ere bilera eskatuko diote langileen ordezkariek. Automobilgintzako piezei herdoilaren kontrako tratamendua ematen dute Altsasuko enpresan. ELAko eta LABeko bina ordezkari eta UGTko batek osatzen dute enpresa batzordea.