10 milia

Guaixe 2009ko maiatzaren 29a

Larunbatean jokatuko da Dantzaleku Sakana klubak antolatzen duen milia. Altsasuko Zumalakarregi plazako zirkuituak hartuko du beste behin ere proba atletikoa. Korrikalariek 1.609 metroko ibilbidean neurtu beharko dituzte indarrak. Haurren probak 19:00etan hasiko dira. Helduek, berriz, 20:00etan ekinen diote lehiari. Izen ematea proba hasi baino ordu erdi lehenago egin daiteke. Klubeko kide Peio Bergarak eta Mikel Goikoetxeak miliaren aurkezpenean esan zutenez, "10. edizioan zerbait berezia egin nahi izan dugu eta, horregatik, haurrei begira jarri gara". Txiki eta gazteen artean atletismorako zaletasuna sustatzeko parte hartzaileen artean zenbait zozketa eginen dituzte. Batetik, Razesa txirrindula dendak emandako bi txirrindula. Bata benjamin maila arteko parte-hartzaileen artean zozketatuko da eta bestea gaztetxoen artean. Horretaz gain Tipi tapa dendak emandako kirol poltsen zozketa ere izanen da. Parte-hartzaile gazte guztiendako merendua ere izanen da. TrofeoakDantzaleku Sakana klubeko ordezkariek azaldu zutenez, korrikalari azkarrenendako sariez gain, bestelakoak ere emanen dituzte. Hala, aurreneko 3 gizon-emakume sakandarrek Adia Asesoriak emandako trofeo bana jasoko dute. Bestalde, "helduen artean kirola sustatzeko"  beste hiru mailatan ere sariak emanen dituzte: 40 eta 45 urte bitartekoendako bat, 45 eta 50 urtekoendako eta, azkenik, 50 urtetik gorako lasterkariendako. Jakina, bai emakumeek nola gizonek jasoko dute. Klubak, hori bai, argi utzi nahi izan du "sariak ezin direla pilatu, horrela jende gehiagoren artean banatuko dira". Milian parte hartze soilagatik korrikalariek opari bana jasoko dutela ere aurreratu zuen antolakuntzak. Miliak bere 10. urteurrenean ere izanen du omenaldietarako tarterik. Dantzaleku-Sakanako kideek aurreratu dutenez, Daniel Ziordia omenduko dute, "atletismoaren alde egindako lanagatik". Sariak Gizon-emakumeendako240 euro eta trofeoa. 120 euro eta trofeoa.60 euro eta trofeoa.30 euro.30 euro.