Principe de Viana Saria Sakanatik gertu

Guaixe 2009ko ekainaren 2a

Principe de Viana Saria da pertsona edo erakundeek Nafarroako kulturari egindako ekarpena aitortzeko Nafarroako Gobernuak ematen duen aipamen nagusia. 1990ean sortu zen izendapen hau eta, urtero-urtero emandako saridunen zerrendan, izen ezagun asko ageri dira: Rafael Moneo, Julio Caro Baroja, Pedro Miguel Etxenike, Maria Bayo edo Pedro Iturralde esaterako. Aurten, lehen aldiz, sakandar bat sartuko da ohorezko zerrenda horretan: Agustin Gonzalez Acilu musikaria. Altsasuarrak ekainaren 6an jasoko du saria, Asturiasko eta Vianako Printze Felipe eta Letiziaren eskutik. Leireko monasterioan ospatuko da banaketa ekitaldia. Ondoren, ohi bezala, Nafarroako Erregeak omenduko dituzte. Popular Televisión kateak zuzenean eskainiko du ekitaldia.  Kontzertu monografikoa80 urte bete dituen honetan, asko dira Agustin Gonzalez Acilu gogoan dutenak. Horretatik, azken aldian eskenatokiz eskenatoki dabil bere musika. Astelehenean, esaterako, Musika Garaikidearen Zabalkuntza Zentroak (CDMC) Altsasuko musikagilearen kontzertu monografikoa antolatu zuen. RTVEko Orkestra Sinfonikoak eskaini zuen kontzertua, Arturo Tamayoren zuzendaritzapean. Orkestrak altsasuarraren ibilbide musikala errepasatu zuen bost obra paregaberen bidez: Contracturas, Omagio a P. P. Pasolini, Aschermittwoch, Liz eta La voz de Ofelia. Bertan mustu zuten azken obra hau. Bakarlari bezala aritu ziren Carmen Gurriaran sopranoa eta Miguel V. Espejo klarinete jolea. Radio Clásica-k Altsasuko musikariaren lanaz gozatzeko aukera eskainiko digu. Izan ere, asteleheneko kontzertua eskainiko du ekainaren 21ean, goizeko 11:00etan.