Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo despeditu zen Nafarroako Itzulia, Iruñean hasi eta despeditu zen etaparekin. Etapa Azysa taldeko Ibon Zugastik irabazi zuen, beste hiru txirrindularirekin batera burututako ihesaldian erasoa jo eta helmugara bakarrik helduta (3:29:14). Extremadura Spiuk taldeko Francisco Terciado liderra talde nagusian sartu zen, 30 segundora, eta ez zuen aparteko arazorik izan maillot horia mantendu eta Nafarroako Itzulia irabazteko (16:58:13). Sailkapen orokorrean Rural Kutxa talde sakandarreko Aleix Fabregas bosgarrena izan zen, 56 segundora. Talde bereko Fabricio Ferrari hamalaugarrena izan zen, 2:44ra, eta Ruben Martinez 15.a, 2:46ra. Eta Naturgas taldean dabilen Xabier Zabalo olaztiarrak 41. tokian despeditu zuen Nafarroako Itzulia, 20:07ra. Aurreikusi moduan, El Perdon gainean despeditu zen larunbateko etapak erabaki zuen lasterketa, bertan eskuratu baitzuen lidergoa Francisco Terciado garaileak, ordura arteko lider Ion Pardo bidean utziz. Aipatzekoa da ere Sakanako Rural Kutxa taldeko Florentino Marquezek Pitillasen despeditu zen ostiraleko etapa irabazi zuela, esprintean azkarrena izan eta gero. Garaipen hau oso garrantzitsua izan da talde sakandarrarendako. Taldekako sailkapena Portugalgo Selekzioak irabazi zuen, eta bigarren talde onena Rural Kutxa izan zen, minutu batera. Bestalde, taldekako helmugen saria Rural Kutxako Aleix Fabregasek jaso zuen. Xabier Zabalo bosgarren nafar onena izan zen. Yelco Gomez bigarrena BergaranAtzo LXXIV. Pentecostes Saria jokatu zen Bergaran, Lehendakari Txapelketarako baliagarria. Seguros Bilbao taldeko Ion Izagirre izan zen garailea, Asentzio gainean aurrean geratu zen taldetxo batetik ihes egin eta gero. Bigarren tokian sartu zen Rural Kutxako Yelco Gomez.