PSNk "eskaerari erantzuteko" udal haurtzaindegian A eredua eskatu du

Guaixe 2009ko ekainaren 3a

Altsasuko sozialistek Txirinbulo Udal Haurtzaindegian hizkuntza ereduen eskaintza zabaltzea eskatu du. Mari Jose Notario zinegotziak azaldu digunez, "ez da euskararen kontra jotzea, dagoen eskaera bati erantzutea baizik". Zinegotzi sozialistak azaldu digunez, "badakigu familia batzuek A eredua eskatu dutela, baina gaur egun ez dago halako eskaintzarik". Notariok argitu digunez, "haurtzaindegian ez dagoen eskaintza bat egotea nahi dugu. Berdin zaigu A edo B ereduak diren, gaztelania oinarri duen eredu bat eskaintzea da eskatzen duguna". Txirinbulo Udal Haurtzaindegia ikasturte honetan Zelandi eskola publikoan kokatu da. Udalak Altzania eraikina haurtzaindegia hartzeko egokitzen duen bitartean haurtzaindegia modulu aurrefabrikatu batzuetan egonen da, eskola publikoan ez baitago tokirik. Egitasmoa bertatik bertara ezagutzeko apirila hasieran Altsasun izan zen Perez Nievas hezkuntza kontseilaria. Hark diru-laguntza jasotzeko baldintza gisa jarri omen zuen A ereduko gela bat zabaltzea.