Udan Euskaraz kanpainarako izen-ematea zabalik

Guaixe 2009ko ekainaren 10a

Urtero moduan, garilerako, Udan Euskaraz eskaintza egin dute Altsasuko Udaleko Gazteria Sailak eta Kangu Ludotekak. 4 eta 12 urte bitarte dituzten haurrendako eskaintza da udalak egiten duena. Garilaren 1etik 30era izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Haien seme-alabak udalaren eskaintza horretan izena eman nahi dutenek 012 telefonora hots egin beharko dute. Ezinbestekoa da haurrak Altsasun erroldatuak egotea. Heldu den asteartera arte eman daiteke izena. Banku txartelaren bidez ordaindu beharko da, beraz, izena ematerakoan eskura izan. 40 eurokoa da matrikula. Izena emateko ordena errespetatuko da taldeak osatzerakoan eta itxaron zerrendan ere.  Udal zerbitzuetatik jakitera eman dutenez, Haur Hezkuntzako lehen 3 mailetako A eta D ereduetako haurrak talde berean egonen dira. Lehen Hezkuntzako ikasleak euskara mailaren arabera banatuko dituzte. Talde bakoitzak bere dinamika propioa izanen du eta besteekin ere batuko da aldian behin. BateragarritasunaAltsasuko Udalak Dibertigarria-Bateragarria eskaintza egin du, lana eta familia ardurek seme-alaben zaintza zailtzen dien pertsonei zuzenduta. Ikasturtea bukatu eta klaserik gabeko egunetan 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak zaintzeko zerbitzua da udalak eskaini duena. Altsasuko Kangu udal ludotekan izanen da eta 40 plaza eskaini dira. Haurrek jolas, jarduera, eta tailerren bidez ederki pasatzeko aukera izanen dute. Hilaren 24, 25, 26 eta 30erako izanen da eskaintza. Beste batzuetan egin duen moduan bi ordutegi izanen dira aukeran: 8:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Azken aukera hori aurrenekoa betetzen ez bada eskainiko da. Izen-ematea asteartera arte zabalik izanen da. Horretarako 012 telefonora hots egin behar da. Ordutegi luzeagatik 13 euro ordaindu beharko dira, bestela, 6,5.