Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sunsundeguiko enpresako batzordeak (UGT 5, ELA 4, LAB 3 eta independente 1) jakitera eman duenez, lantegiko zuzendaritzak enplegu erregulazio espediente (EEE) mistoa aurkeztu du. Espedienteak aurrera eginen balu 77 langile kalean geldituko lirateke eta 113 langileri 67 egunerako kontratua etengo lieke. Zuzendaritza eta langileen ordezkariak gaur bilduko dira, azken horiek aurkeztutako proposamenaren gainean hitz egiteko. Enpresa batzordeak zuzendaritzak aurkeztu duen EEEren "guztiz kontra" azaldu da. Langileen ordezkariek diotenez zuzendaritzaren "planteamendua onartezina da, gaur egun Sunsundeguiko lan lerroen barruan azpikontratatutako enpresak daude. Lan horiek guk osotasunean har ditzakegu". Horregatik, enpresa batzordeak "bere garaian kanpoko enpresei emandako lan guztiak bertan egitea" eskatu dute. Langileen ordezkariak, azkenik, egoerarekin "kezkatuta" azaldu dira, Sunsundeguiko "eskualdeko enpresa motorra delako eta bai lantegietan baita tailerretan langile askok lan egiten dutelako". Enpresa batzordeak, aldi berean, gogora ekarri du "eskualdean gero eta handiagoa dela enpleguaren suntsitzea, garbi geldituz langileak direla krisia ordaintzen ari direnak". Bideragarritasun planaEnpresa batzordeak EEEren kontra azaldu da orain, baina maiatzaren 12an zuzendaritzak aurkeztutako bideragarritasun plana ere ez zuen onartu. Enpresa batzordeko kide batek esan digunez, zuzendaritzaren bideragarritasun planak "soldata murrizketa, lan eskubideak galtzea, zehaztu gabeko erregulazioa eta azpi kontraten mantentzea zekarren". Langileen ordezkariek diotenez, "kudeaketa txarraren ondorioa da egoera ekonomikoaren okertzea. 2006ra arte irabaziak izan zituen enpresak. Galerak lanak azpikontratatzearen handitzearekin etorri dira". Enpresa batzordetik azpimarratu digutenez, "lantegiak sekula ekoitzi duen autobus kopuru handiena 2008an egin zuen eta galerak izan zituen. Azpikontratek, berriz, irabaziak". Langileen ordezkariaren ustez, "enpresaren eta azpikontraten artean elkar hartzea dago". Horren guztiaren berri ematen duen txostena aurkeztu zuen enpresa batzordeak aurreko asteartean Iruñean Lan Departamentuko arduradunekin izandako bileran. Enpresa batzordetik (ELAk eta LABek bozen gehiengoa dute) esan digutenez, "langileen soldatak enpresaren kontuen %18 da. Hornidura atala %70 da eta han xahutzea ematen da. 2008an autobusen ekoizpena %11 hazi zen, baina horniduraren igoera %14koa izan zen. %3 gehiago erosketa departamentuak zuzendaririk ez duelako eta kudeaketa falta dagoelako". Enpresatik azpikontratetara "materialak kontrolik gabe" doazela salatu du enpresa batzordeak. Langileen ordezkariak dudarik ez dute enpresa "bideragarria" dela.