Agustin Gonzalez Aziluren eskutan dago Vianako Printzea Saria

Guaixe 2009ko ekainaren 10a

Asteartea egun handia izan zen Agustin Gonzalez Acilurendako: Nafarroako Gobernuak kulturgintzan eman dezaken sari nagusia eman zion, Vianako Printzea Saria. Felipe Borboikoaren eskutik jaso zuen saria altsasuarrak. Leireko San Salvador Monasterioak hartu zuen sari banaketa ekitaldia, astearte goizean. Gonzalez Aziluk bere familiaren babesa izan zuen horren egun garrantzitsuan. Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak ere herriko musikariarekin bat egin zuen: 3 kantu ederren bidez zoriondu zuten musikagilea. Azkenik, bertan izan ziren Nafarroako Gobernuko arduradun nagusiak ere. Guztien aurrean bere ibilbidea errepasatu zuen Gonzalez Aziluk. Luis Taberna maisuarekin Altsasun emandako lehen pausuak ekarri zituen gogora. Madrileko kontserbatorioan ikasketak amaitu eta gero, gogoetarako tarte bat hartu zuen. Orduan erabaki zuen zein izanen zen bere musikaren ardatza: "askatasuna, muturreko askatasuna". Askatasun hori ipar hartuta, modak eta berehalako arrakasta alde batera utzi, eta hizkuntza ikerketa eta atonalitatearen bidetik jo zuen Gonzalez Aziluk. Abangoardiako musikari eskaini dio bizia altsasuarrak. Ibilbide hori aitortuz, Kulturaren 20. Vianako Printzea Saria eman dio Nafarroako Gobernuak Gonzalez Aziluri.