Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jose Manuel Vilariño osteopata eta fisioterapeuta altsasuarrak ibilbide luzea darama kirolari profesionalekin lanean. Osasuna futbol taldeko fisioterapeuta izan zen urte luzez, eta aurten Portland San Antonio eskubaloi taldeko osteopata eta fisioterapeuta da. Axix izeneko osteopata zentro pribatua dauka eta bertara futbolari eta eskubaloilari askok jotzen dute. Horretaz gain 2006an Serbiako futbol selekzioarekin aritu zen lanean Alemaniako Futbol Mundialetan, garai hartan Osasunan zebilen Milosevic jokalariak proposatuta. Hain zuzen ere Milosevicek San Antonioko Nikolic jokalariari gomendatuta hasi zen hura tratatzen eta horrela heldu zen Portland San Antonio talderako lana. Bestalde, San Antonion dabilen baina Serbiako Eskubaloi Selekzioko kide diren Nikolic eta Nikcevic jokalarien proposamenari esker, Serbiako Eskubaloi Selekzioarekin aritu zen lanean aurten jokatutako Eskubaloi Mundialetan. Aipatutakoa gutxi ez balitz, astelehenean, ekainaren 15ean, Suediako Gotteborgen hasiko den 21 urtez azpiko Europako Futbol Txapelketan arituko da lanean altsasuarra. "Espainiako selekzioan dauden Raul Garcia (Atletico de Madrid) eta Bojan Krkic (Barcelona) jokalariekin egingo dut lan, eurek eskatuta" dio Jose Manuel Vilariñok. "Ez naiz Espainiako selekzioko osteopata eta fisioterapeuta izango, soilik bi jokalari horiek tratatuko ditut, eurek kontratatu bainaute. Selekzioa kontzentratuta dagoen hotel berberean egongo naiz, selekzioko osteopata eta fisioterapeutekin koordinatuko naiz baina nik soilik eurak tratatuko ditut" azaldu du Vilariñok. Altsasuarrak harreman estua du Raul Garciarekin. Osasunan zebilen garaietatik tratatzen du, eta egun ere bere kontsultatik pasatzen da futbolaria. "11 urte daramatzat Raul Garcia tratatzen eta oso kontentu nago Krkicekin batera Europako Txapelketarako ni deitu izanagatik" dio Vilariñok. Jokalariek bihar hartuko dute Suediako bidea, baina Vilariño ekainaren 15ean joanen da. Pozik hartuko du bidea altsasuarrak.