Espainiako Minifoso Txapelketan lehiatuko da Kali

Guaixe 2009ko ekainaren 10a

Jose Carlos Jimenez Elvira, Kali altsasuarra 18 urterekin hasi zen herriko festetako tiraldietan parte hartzen, eta gero tiro olinpikora pasa zen. Ongi moldatzen zen eta ekinaren ekinez aurrera egin du. Oso gustuko du tiro txapelketetan aritzea, baina ezin du nahi duen txapelketa guztietan aritu joan-etorriak, egonaldia, izena-emateak, kartutxoak eta beste garesti direlako. Baina ahal duen proba guztietara aurkezten da, eta ongi doakio. Fosoan lau modalitate daude - robota (platerak jaurtikitzeko makina bat dago), minifosoa (platerak jaurtikitzeko hiru makina daude), foso unibertsala (platerak jaurtikitzeko bost makina daude) eta foso olinpikoa (platerak jaurtikitzeko 15 makina daude) - eta bereziki robotean, minifosoan eta foso olinpikoan aritzen da. Maiatzaren 1ean Nafarroako Robot Txapelketa jokatu zen Elizondon. 47 tiralari aritu ziren, 50 plater bota behar zituzten bi txandatan eta Kalik 45 haztatu zituen. Sailkapen orokorrean hamaikagarrena izan zen, eta bere kategorian, hirugarren mailan, bigarrena. Aurreko igandean hobeki joan zitzaion. Nafarroako Minifoso Txapelketa jokatu zen Orba ibarrean. Tiralari bakoitzak 50 plateri egin behar zion tiro, bi txandatan. 72 tiralari lehiatu ziren. Kali hirugarren mailako kategorian aritzen da. Lan txukuna egin zuen altsasuarrak, 50 plateretatik 48 haztatu zituen. Sailkapen orokorrean zazpigarrena izan zen, bosgarren nafar onena, eta hirugarren mailako onena izan zen. "Lehenengo postuak oso garesti daude. Pentsa, 48 haztatu nituen eta zazpigarrena izan nintzen" dio altsasuarrak, kirol honetan entrenamendua oso inportantea dela aipatuz eta fisikoki prestatua egoteaz gain mentalki oso jantzita egon behar dela nabarmenduz, psikologiak edo burua hotz izateak izugarri balio baitu. Espainiakoa buruanNafarroako txapelketan ongi aritu ondoren, larunbatean Orba bailaran jokatuko den Espainiako Minifoso Txapelketa du buruan altsasuarrak. 96 parte hartzaile egongo dira, gehienak Euskadiko eta Nafarroako federaziokoak, baina baita Katalunia, Aragoi eta Asturiasetik etorriko diren tiralariak. Ikusleak ere poliki hurbiltzen dira. 75 plater hautsi beharko dituzte, hiru txandatan. Bere lehenengo txanda 9. eskuadran egin beharko du, eta lehena izango da botatzen. "Horrek urduriago jartzen zaitu" dio. Gainontzeko txandak beste eskuadra batzuetan egin beharko ditu. Iaz bere kategorian hamabigarrena izan zen eta marka hori gainditzea espero du Kalik. Gogotsu dago, ilusionatuta, azkenaldian ongi dabilelako. "Kirol hau gehiagora doa, eta oso tiralari onak daude. Kontua da jian-etorriek, kartutxoek eta bestek nahiko garestitzen dutela kirola, horregatik Katealde pateen eta Koska tabernaren laguntza eskertu nahi dut" dio. Gasteizko Ibaia Tiro Klubean entrenatzen du Kalik, eta astean behin entrenatzera joaten saiatzen da. Beretta etxeko eskopeta italiarra dauka, eta RC etxeko kartutxoak erabiltzen ditu. "25 kartutxoko kaxa batek 4,65 euro balio ditu. Atera kontuak" dio. Foso olinpikoko probak ditu gustukoenak. Kasu honetan 15 makina plater-jaurtitzaile daude, eta platerak hainbat norabideetatik ateratzen dira, abiadura handian. Foso olinpikoko Nafarroako kopako txapelduna izana da Kali. Uztailaren 4an Nafarroako Foso Olinpikoko Txapelketa-San Fermin Trofeoa jokatuko da eta bertan ariko da. Izugarri gustatuko litzaioke ekainaren 27an eta 28an Granadan jokatuko den Foso Olinpikoko Espainiako Txapelketa Absolutuan lehiatzea, baina oso zaila du, gastuak handiak baitira.