Mendi bizikletaren festa igandean

Guaixe 2009ko ekainaren 12a

Burunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Txirrindularitza Sailak guztia prest dauka igandean, ekainaren 14an, XIII. BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldirako. Eguraldi ona iragarri dutenez, parte-hartze itzela espero dute. Pablo Lopez Colinaren tokia hartu duen Julian Claver arduradunak adierazi duenez, 1.200-1.300 pertsona espero dituzte, baina 1.400 pertsonarendako hornidura prestatu dute. "Asteazkenean 600 pasatxo genituen aurretik izena emanda, baina igandean bertan beste horrenbeste etorriko direla aurreikusten dugu" dio. Iaz eguraldi kaxkarra egiten zuen eta hala ere 947 txirrindulari animatu ziren, Altsasuko lasterketak duen arrakastaren isla. "Nafarroako probetatik zaharrenetakoa da, eta zerbait berezia dauka. Jendea ez da aspertzen eta parte-hartzea oso handia da beti. Helburua gure eskualdea erakustea da eta bizikletarekin disfrutatzea, proba ez lehiakor batean betiere" gaineratzen du Claverrek. Parte-hartzaile gehienak Hego Euskal Herrikoak izanen dira, baina Zaragoza eta Madrildik ere gerturatuko dira batzuk. Aurten nobedade handia izango du lasterketak, Gipuzkoako dermioan sartuko baitira, 20 kilometro inguru egitera. Autonomiatik ateratzean, Espainiako, Gipuzkoako eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioan baimen eta tramitazio ugari bete egin behar izan dituzte, baina Claverren esanetan merezi izan du. "Aldaketa egin nahi genuen, urtero bista berberak baikenituen. Aurten ezberdinak izanen dira" dio arduradunak, ibilaldi ez lehiakorrak 43,5 kilometro izango dituela, gogortasun aldetik ertaina-zaila izaten jarraituko duela eta 800 metroko desnibela izango duela gaineratuz. Ibilbide berriaTxirrindulariak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik. Inguruneetan buelta bat eman ondoren Altsasuko kuartela eta biltegi inguruetara igoko dira, eta Zapardi pistatik Urdalurgo uharkarako bidera helduko dira, handik gora jotzeko. Gipuzkoako Txorrokopunta igoko dute ondoren, eta bertan egonen da hornidura gunea, Aitzgorri eta Aratz mendien bista paregabea duela. "Jendeari izugarri gustatuko zaio bidea eta ikuspegia" dio Claverrek. Bertatik Sozarretara joko dute eta Altsasurantz abiatuko dira, Basoitxin bueltatxoa eman eta gero Altsasuko plazara helduz. Ibilbide ez lehiakorra denez, ez dute txirrindularien denborarik hartuko, baina aurreikusten da lehenengo iristen direnek 2 ordu beharko dituztela Altsasura heltzeko eta lasaiago dabiltzanek lau ordu. Igandean bertan eman daiteke izenaOraindik ere izena eman daiteke, igandean, probaren egunean, 7:45etik 9:00etara, Altsasuko Gure Etxean. Federatuek 18 euro pagatu beharko dituzte eta federatu gabekoek 22. Helmugan hornidura gune handia izango dute txirrindulariek, eta dutxa zerbitzua eta beste ez dira faltako. Parte hartzaile guztiek oparia jasoko dute, baina web orriaren bidez izena aurretik eman dutenek beste oroigarri bat jasoko dute. Gainera, bizikletarekin lotutako objektuak zozketatuko dira guztien artean. Horretaz aparte, Lacturale esneak eta Bodegas Principe de Vianak euren produktuen dastaketa eginen dute. Ibilbideak 25.000 euro inguruko aurrekontua izanen du. Krisia nabaritu omen da, kolaboratzaile batzuek laguntza jaitsi baitute, baina hala ere babesle gehiago hurbildu dira proiektura eta mantenduko direla uste du Julian Claver arduradunak. Guztia ongi ateratzeko igandean 100 pertsona baino gehiago ariko dira lanean, furgonetekin eta quadekin ibilbidean barna, hornidura guneetan, irteera eta helmugan, inskripzio guneetan eta abar. Baina Burunda Txirrindularitza Taldekoek asteburu guztia emanen dute beharrean.