Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean zinemaren hiri bihurtu zen egun batez Altsasu. Hollywood, Cannes, Berlinale edo Donostiako zinemaldia bailitzan, luxuzko autoek, argazkilariek eta ikusleek hartu zuten Iortia kultur guneko plaza. GAZTEWOOD hizki erraldoiek iragartzen zuten jaialdi handia. Goizean goiz bildu ziren Altsasuko Gazte Asanbladako kideak, azken uneko urduritasuna taldean jasangarriagoa izanen zelakoan. Hilabetetako lanaren ondoren, bertan zuten jaialdia. JaialdiaIortia kultur gunea txiki geratuko zela aurreikusita, Burunda pilotalekura eraman zuten ekitaldia. 600 pertsonendako lekua egin zuten hasiera batean, baina azken unean ikusle gehiagorendako lekua egin eta salgai jarri zituzten sarrera berriak. "Momentu batean saldu ziren denak!" jakinarazi digu Aritz Leozek. 800 bat lagunek leporaino bete zuten Burunda pilotalekua. Rolls royce eta Mercedes zaharretan iritsi ziren zuzendariak pilotalekura, arratsaldeko 19:30 aldera. Argazki flashen artean zeharkatu zuten alfonbra gorria eta pilotalekura sartu ziren. Haize Berriak bandaren doinuek eman zieten ongi etorria areto inprobisatura sartu ziren guztiei. Ez zen hori izan eguneko emanaldi bakarra. Stupenda Jones ere bertan izan zen, "gure talde mitiko bihurtu da dagoeneko, bi jaialditan parte hartu baitu" adierazi zuen Aritzek BELEIXE irratian. Antzerkiarendako lekua ere izan zen, Altsasuko Tarima Beltza taldeari esker. Bestalde, zapietatik zintzilik, dantza bertikalaren ikuskizunak aho zabalik utzi zituen ikusleak. Horiekin batera, Gaztetxeko kideen mustu gabeko bideoak eman zituzten eta La gaupasa de -La noche de saioaren bertsio gaztetxeroa- ere eskaini zuten. SariakSari banaketa ekitaldi orotan bezala, irabazleak argitzeko unea iritsi zenean, urduritasuna somatu zen zuzendarien artean. Guztien lana txalotu eta eskertu zuten antolatzaileek eta, ikusle ahalguztidunen erabakiz, ondoko filmak saritu zituzten: fikzioan Izakiak filmarendako izan zen saria; salaketa sailean Busco en la basura filmarendako; El príncipe del cuartel filma izan zen musikalik onena; Odisea en la granja filmak, berriz, animazio filmeen saria jaso zuen; Wild Nature filmak jaso zuen Altsasuko lan onenaren saria; 18 urtetik beherakoena Aupa Etxeberria filmak; Foral Gump izendatu zuten kartel hoberena eta, sari nagusia, film labur onenarena, Black or White filmak irabazi zuen. Bata eta bestearen artean, ederki luzatu zen jaialdia; gustura asko egon ziren bertan bildutako herritarrak. Gazte Asanbladako kideek biziki eskertu zuen herritarren erantzuna. Bestalde, herrian ahoz aho zebilen gazteek egindako lan ikaragarria. Batzuek eta besteek, afariarekin agurtu zuten egun handia.